Akatsak garesti ordaindu ditu Aldaz Hortz Klinikak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko urt. 22a, 17:43
Ez da jardunaldirik onena izan Eguzki Areto Futbola elkarteko talde federatuentzat. Garoa Tabernak soilik irabazi du: 2-4 Anoeta FTren aurka. Galdu egin dute seniorrek, jubenilek eta kadeteek. Atseden hartu du ISU Leihoakek

Porrot mingarria Aldaz Hortz Klinikak asteburuan erdietsi duena. Arerio zuzen batekin neurtu zituen indarrak ostiral gauean, Maialen Chourraut kiroldegian. Lauburu Berazubik lau puntu gutxiago zituen sailkapenean neurketa jokatzen hasi aurretik. Tolosarrak oso atzean utzi zitzaketen lasarteoriatarrek, baina ez zuten aukera baliatu; 3-5 galdu zuten, atzean egindako akatsak oso garesti ordainduta. Talde federatu ia guztiek galdu dute jardunaldi honetan: 4-2 galdu zuen Bar Lasartek Carrocerias Biyonaren aurka, eta 2-4 Balerdi Harategiak Erainen aurka. Asteburuko albiste onenak Anoetatik etorri ziren, senior mailan ari den Garoa Tabernak 2-4 garaitu zuelako etxeko taldea. Gipuzkoako 2. mailan lehian ari den ISU Leihoakek atseden hartu du jardunaldi honetan.

Ederki kantxaratu zen Aldaz Hortz Klinika ostiralean. Aurkariak ito zituen oso goian presionatuz eta lapurtutako baloiekin lehenengo gol aukera garbiak sortuz. Ez zuen bat ere sareratu, ordea. Hasierako minutuetan ongi egindakoa harraskatik behera bota zuen Mikel Escribanoren taldeak 10. minutuan. Korner bat atera zuen Lauburu Berazubik. Partidako lehenengoa. Markaketak ez zituen behar bezala zaindu Eguzkik; 0-1. Kolpe gogorra etxekoentzat. Handik gutxira jaso zuten bigarrena, defentsa lanetan egindako beste akats baten ondorioz. 0-2 atzetik joan ziren atsedenaldira.

Lehenengo zatian jasotako bi ukabilkada horiek boxeolari bat baino gehiago botako zuten lurrera, baina ez Aldaz Hortz Klinika. Atsedenalditik bueltan jokatu zituen minuturik onenak, eta Mikel Gonzalezen gol bati esker aldea murriztu zuten. Nola diren gauzak: berdinketaren gola sartzeko aukera huts egitetik 1-3koa jasotzera, segundo batzuetan. Berriro ere, akats defentsibo bat. Hainbeste opari eginda ia ezinezkoa da Gipuzkoako 1. mailan norgehiagoka bat irabaztea. Hirugarren gol horrek min eman zion Aldazi, eta handik gutxira jaso zuten laugarrena. Etsita, atezain-jokalaria erabili zuen etxeko taldeak, eta 2-4koa sartu arren, kontraeraso batean erabakita utzi zuen neurketa Lauburuk. Andoni Altolagirrek apur bat apaindu zuen markagailua partidaren hondarrean. Azkenean, 3-5. Bederatzigarren postuan jarraitzen du Aldaz Hortz Klinikak, hamabost puntu zakuratuta. Jaitsiera postuak urruti ditu oraindik.

Urrezko garaipena Anoetan

Urrats bat egin du aurrera Garoa Tabernak denboraldi honetan. Edo bi. Pasa den urtean hasiberriak ziren jokalarietako asko, eta nabaritu zen hori kantxan. Konpetitu zuten, baina partida gutxi irabazi zituzten. Aurten esperientzia gehiago daukate, eta ligaren erdialdera iritsita, balantzea askoz hobea da. Lau neurketa galdu dituzte, eta hiru irabazi. Azkena, etxetik kanpo, Anoeta FTren aurka: 2-4. Urrezko garaipen horrekin sailkapenaren erdialdean jarraitzen dute lasarteoriatarrek, eroso.

Jubenilek eta kadeteek ez dute zorterik izan jardunaldi honetan. Erainen aurka aritu zen Balerdi Harategia, herriko kiroldegian. Oso hotz ekin zioten neurketari, eta ordaindu egin zuten. Konturatzerako, 0-2 ari ziren galtzen. Lehen zatiko bosgarren minutua zen. Atsedenalditik bueltan aldeak murriztu zituen, Pachonen gol bati esker. Berdinketaren gola oin puntekin ukitu zuten lasarteoriatarrek, baina ez zituzten gol aukerak baliatu eta Erainek 1-3koa sartu zuen. Atezain-jokalaria ateratzea erabaki zuen Gorka Redondo entrenatzaileak. Ongi atera zitzaion apustua hasieran, 2-3koa sartu zuelako Xabik. Azkenean, ordea, ez zuen merezitako saria lortu, azken minutuan sartu zuelako laugarren gola Erainek. Jubenil mailan ari den Bar Lasarte esku-hutsik itzuli zen etxera, Carrocerias Biyonaren aurka 4-2 galduta.

Herriko txapelketako emaitzak

Bederatzi talde ari dira lehian herriko txapelketaren 36. edizioan. Laugarren jardunaldia jokatu zuten asteburuan, emaitza hauekin:

  • Viña del Mar 1-4 Izen Gabe
  • Academia London 3-14 Asador Irigoien
  • Trumoi Taberna 1-1 Avenida Taberna
  • Patricio Cocktail Bar 1-4 Bar Buenetxea
  • Insausti Taberna (atsedena)

Asador Irigoien taldea da txapelketako liderra, bederatzi punturekin. Trumoi Taberna eta Patricio Cocktail Bar dauzka atzetik, zortzi eta zazpi punturekin, hurrenez hurren. Hiruek atseden hartu behar dute oraindik lehenengo itzuli honetan. Academia London taldea da punturik lortu ez duen bakarra orain arte.