Oihan Agirretxe: "Musikari bezala asko ari naiz ikasten Rukulan"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko eka. 27a, 21:41
Herriko festetan osagai askoko musika entsalada dastatuko dugu egunotan. Horietako bat da Rukula. Oihan Agirretxe da sortzaileetako bat; bateria jotzen du. Berarekin hitz egin dugu larunbateko kontzertuari (01:30ean, Okendo plazako txoznen alboan) eta taldearen ibilbideari buruz.

Musikari batentzat berezia da etxean jotzea, ezta? 

Noski. Espeziala da. Gure lagun eta gertukoak hemengoak dira: Lasarte-Oriakoak eta Usurbilgoak, batez ere. Hasieratik jarraitu gaituzte eta haientzat jotzea berezia da. Normalean ez naiz urduri jartzen jotzen hasi aurretik, baina koadrilakoak, gurasoak, herritarrak...etortzen badira, pixka bat bai.

Zuen emanaldien argazkiek ia beti dute ezaugarri komun bat: Rukula, lurrean jotzen. Ikusleak, zuengandik zentimetro eskasetara. Apropos egiten duzue hori?

Guk bilatu dugu, bai. Batetik, kontzertuetan jo nahi ditugun soinuak landuta eramaten ditugu, eta, zuzenean jotzen dugunean, lurretik arituta, bermatzen dugu soinu originalak mantenduko ditugula. Eszenatoki handietako ekipoek eta tresnek zuk jotzen duzun musikaren doinua alda dezakete. Bestetik,ikusleak askoz ere gertuago sentitzen ditugu eta horrek asko indartzen du gure harremana. Horrez gain, emanaldiz emanaldi gure kanten iraupena aldatu egiten da, inprobisatu egiten dugu eta unean uneko aldaketak komentatzen ditugu taldekideon artean. 

Nire kontzertu eredu ideala da gu erdian jotzen, ikuslez inguratuta. Berri Txarrak taldeak zuzeneko bat dauka eskainita Gernikako Astra gaztetxean, uste dut. Ba horrelako zerbait. Hori litzateke idealena. Eszenatoki handi batean eta sekulako ekipo batekin jotzea izugarria da, bai, baina kontaktu asko galtzen duzu ikusleekin eta baita taldekideekin ere. Lurrean baldin bazaude guztiok oso gertu gaude, eta hori garrantzitsua da Rukulan. Kantak aldatu egiten ditugu emanaldiz emanaldi, ez dute beti denbora berdina irauten, eta inprobisazio horiez jabetzeko funtsezkoa da taldekideok oso gertu egotea elkarrengandik. Ikusten gara, elkar hitz egiten dugu...eta publikoarekin daukagun harremana asko indartzen du. Gertatzen da batzuetan lehenengo ilaretan dantzan ari direnek hartzen dutela Martxel Arkarazo baxu jotzailea airean...horrelakoak politak dira, esentzia dira. Horrek ematen digu adrenalina.

Larunbatean zuen inguruan egongo diren ikusle batzuek aurrenekoz ikusiko zaituztete. Zer aurkituko dute Rukularen kontzertuan?

Entzungo dute estilo nahasketa bat: gogorra, baina dantzagarria dena. 'Entsalada dantzagarria' deitzen diogu guk: rock-a eta stoner-a alde batetik, techno-a ere bai, kantaren batek reggaeton oinarriak ditu... Musika estilo asko uztartzen ditugu. Eta, era berean, ikusiko dituzte musikaz topera disfrutatzen duten musikari sutsu batzuk. Ez zaigu axola zenbatentzat jotzen dugun. Ezer baino lehen, guretzat jotzen dugu, asko disfrutatzen dugulako. Guk gozatzen badugu, uste dugu ikusleek ere egingo dutela.

Gainera, talde eta musika giro desberdinetatik gatozen musikariok osatzen dugu Rukula. Erromeriatik nator ni, Martxelek Can’t Explain taldean jotzen zuen, estilo desberdin batean aritzen zen... Prozesuan asko ikasi dugu. Zenbaitetan entseatu ordez musika entzuteko geratu izan gara.

2015ean hasi zen Rukula kontzertuak ematen. Zu zara sortzaileetako bat. 

Kuriosoa da taldearen sorrera. Itzartu taldean aritzen nintzen ni lehen, erromeriaz erromeria. Usurbilgo Sagardo Egunean jotzen ari ginela, Martxel Arkarazo oholtzara igo zen eta bateriako plateretako batean paper bat itsatsi zuen. Kontzertua bukatu eta gero, ireki eta honakoa irakurri nuen: "Erromeriatan aritzeaz nekatzen zarenean, deituidazu". Eta bere telefono zenbakia, segidan. Hurrengo asteko asteartean deitu eta entseatzen hasi ginen. Gero batu ziren taldera Aitor Pagola eta Beñat Irazusta gitarristak. Orain bidaia luze bat egiten ari da Beñat, eta Jon Agirianok ordezkatu du.

Iazko azaroan kaleratu zenuten zuen lehenengo estudioko lana.

Andoaingo Garate estudioetan ekoitzi eta grabatu genuen. Eskerrak eman nahiko nizkieke Martxel eta Kaki Arkarazori eta Mikel Abregori, beti aurkitzen ditugulako zabalik estudioko ateak. Eta, bereziki, Martxeli,. berak editatu, masterizatu eta ekoitzi duelako diskoa. Sei abestiko albuma da.

Nolako harrera izan du?

Lehenengo tirada 500 alekoa izan zen eta guztiak saldu ditugu eta oso pozik gaude. Bigarrena kalean da honezkero. Zuzeneko emanaldietakoak dira salmenta kopuru handienak. Ez dakigu zehazki zergatik gertatzen den hori. Izan daiteke agian musika estilo desberdin bat eskaintzen dugulako, hemen inguruan asko entzuten ez dena eta ikusleak harritzen ditugulako. Halere, berriro diot, ez dakigu arrazoia.

Disko bat ekoiztea nik uste nuena baino konplikatuagoa da. Ez da soilik kantak sortzea eta grabatzea. Gero atzetik lan askoz gehiago egin behar da.

Bi diseinu desberdin dauzkagu. Bat Ibai Arrieta argazkilariak eta bestea Jon Markelek. Tirada bakoitzaren azala, beraz, desberdina da. 

Bigarren lanaren haziak landatzen ari al zarete baratzean?

Ari gara kanta berriak sortzen eta bigarren diskoa lantzen, baina ez dakigu oraindik noiz kaleratuko dugun.

Rukula bezalako proiektu batek aberasten al zaitu musikari bezala?

Musikari bezala asko ari naiz ikasten Rukulan: taldekideekin eta baita kontzertuetan ezagutu dugun jendearekin. %100a ematen dut: zentzu onean esanda, azken tantaraino zukutzen naute. Zerbait egitera iristen ez naizenean, taldekideek esaten didate: "Gehiago entseatu!". 

Tosu auzo okupatuan jo genuenekoa esperientzia ederra izan zen: ortu ekologikoak dituzte, proiektu interesgarriak, adobezko etxeak...horrelako egitasmoek laguntzen didate pertsona bezala garatzen.

Beste proiektu musikal batzuk ere badituzu eskuartean.

BiHozkada taldean jotzen dut. Billabonan entseatzen dugu eta disko bat grabatu genuen baita ere iazko Durangoko Azokarako. Horrez gain, Zo!Zongo batukada taldearekin ere banabil. Kolpez Blai emanaldirako ari naiz ikasten. Ordu asko eskatzen ditu horrek, eta gaur-gaurkoz ezin diot behar beste denbora eskaini, baina oso-oso gustura ari naiz. Maila oso altua dute taldekideek eta saioro asko ikasten dut.

Zergatik aukeratu zenuen bateria jotzea?

Perkusioarekiko zaletasuna txikitatik datorkit. Horren harira, eskerrak eman nahi dizkiet gurasoei, gaztetxoa nintzenean Tolosako Isidro Larrañaga akademiara eraman nindutelako ikastera. Astelehenero joaten nintzen hara: aitak eramaten ninduen, eta ni klaseetan egon bitartean Bonberenean egoten zen bera. Hori, astelehenero. Julen Apezetxea, Gorka Otamendi eta Iker Alduntzin izan ziren nire irakasleak.

Akademia utzi eta gero (15-16 urte bete arte aritu zen herritarra han) hainbat urtez ibili naiz nire kabuz ikasten. Eta orain Zo!Zongoko kideekin ari naiz ikasten. Etorkizunean ez dut baztertzen alor horretan formatzen jarraitzea.

Azken finean, musika munduan beti zabiltza ikasten, etengabe. Eta eskertzen da. Gustura nabil. Esperientziak ere laguntzen du formatzen.