Iñigo Altuna: "Jauzi bat eman dut, ea nabaritzen den aurten"

Adrian Garcia 2018ko ots. 16a, 12:30
Talde nafarraren 23 urtez azpikoen taldean dago Lasarte-Oriako txirrindulari gaztea. Urrats garrantzitsua egin du, baina zuhur agertu da: "Pausoz pauso joan behar dut"

Denboraldi honetan maillota estreinatu du Iñigo Altunak (1998, Lasarte-Oria); Caja Ruralek fitxatu du, 23 urtez azpiko taldean aritzeko. Urrats garrantzitsua egin du bere ibilbidean, baina lasai dago txirrindularia. "Oraindik bigarren urtekoa naiz. Pausoz pauso joan behar dut. Lan asko dut egiteko". Lehen lasterketa egin berri du, Iparraldeko Essor Basque, nahiz eta oraindik ez egon sasoi betean. "Denboraldia lasaiago hastea dut gogoko, maiatza aldean goian egoteko". Dena dela, sentsazio onak ditu gazteak. "Atera ditudan datuak iazkoak baino hobeak dira, eta pozik nago".  

Grupo Eulenetik Caja Ruralera. Nolakoa izan da jauzia? 
Aldaketa handia izan da, baita antolakuntza aldetik ere. Udara pasata egin genuen lehen kontzentrazioa, elkar ezagutzeko. Material berria probatzeko, eta taldeko beste langileak, masajistak, mekanikoak eta  zuzendariak ezagutzeko baliatu genuen. Talde aurkezpenean beste kontzentrazio bat egin genuen, talde profesionalarekin batera. Orain Valentzian egon gara hamar egunez; indartsu entrenatu dugu hor. 

Zer aldatu da entrenatzeko moduan? Dieta ere aldatu al dizute?  
Kontrol gehiago daukagu. Iaz taldeak jartzen zizkizun entrenamenduak, baina zuk zeuk  egokitzen zenituen askotan. Orain kontrola erabatekoa da. Baliabide askoz gehiago ditugu ere; altuerako simulagailua erabiltzen dugu. 

Zer moduz bizikleta berria?  
Primeran. Profesionalen material berbera erabiltzen dugu, eta gustura nabil. 

Profesional talde baten barruan zaude, nahiz eta 23 urtez azpiko kategorian egon. Profesionaletara pasatzeko azken urratsa al da? 
Bai, gure taldea filial bat da. Profesionalek egutegi zabala dute, eta guk haien lasterketa batzuetan parte hartzeko aukera izango dugu. 

Profesionalekin entrenatzeko aukera ba al duzu? 
Bai, denbora dezente pasatzen dugu Iruñean; taldeak etxe bat du hor. Talde profesionaleko atzerritarrak daude, eta haiekin entrenatzen dugu. 

Zer moduzko harremana duzu haiekin? 
Oso ona. Profesionalak dira, baina gure egoeratik pasatakoak dira, eta ongi ulertzen gaituzte. Beti saiatzen dira gu laguntzen. 

Luis Maria Garikanorekin egin duzu jauzia Caja Ruralera, Grupo Euleneko zure taldekidearekin. Lagungarria izango zitzaizun azkarrago moldatzeko, ezta?  
Bai, oso ondo dator laguntza hori. Saiatuko dira biak elkarrekin jartzen lasterketa eta bidaia guztietan. Aurten egutegia oso zabala da, Espainia osoan eta beste herrialdeetan lehiatu behar dugu, eta ongi etortzen da konfiantzazko pertsona bat ondoan edukitzea. 

Negu gogorra izaten ari da. Nola moldatu zara entrenatzeko eguraldi kaskarrarekin?  
Negua oso hotza izan da. Inguruko txirrindulari profesional eta afizionatuekin hitz egin, eta entrenatzera egun pasa joan izan gara Nafarroara. Abenduan Katalunian egon nintzen, astebetez entrenatzen beste profesional batzuekin. Benidormen ere egon naiz orain dela gutxi. Eguraldi hotzak jarraitzen du hemen, eta moldatu egin beharko naiz; ea Iruñean euri gehiegirik ez duen egiten taldeko pisura joateko. 

Loinazen hirugarren, Urrakin bosgarren, Bidasoako itzulian ere aurrean... Denboraldi txukuna egin zenuen iaz; postu onak lortu zenituen lasterketa garrantzitsuenetan. Zer helburu duzu aurten? 
Aurten zailagoa izango da; talde handiago batean nago, eta nire rola aldatu egingo da. Lasterketa handitan ahal dudan moduan lagundu beharko dut. Ni baino zaharragoak badaude; ni gazteenetakoa naiz taldean. Hemengo lasterketetan nire aukerak aprobetxatuko ditut, eta ea iazko postuak hobetzen ditudan. 

Morroi lanetan aritu beharko duzu aurten? 
Lasterketa garrantzitsuagoak egingo ditut aurten. Gainera, egutegia banatu egiten da. Espainiako Kopara eramango dituzte taldekide zaharragoak. Guri hemengo lasterketak utziko dizkigute; Euskaldun, Lehendakari... Lauak direnean laguntzea egokituko zait, eta aldapatsuagoak direnean, nire aukerak edukiko ditu. 

Zein lasterketa dituzu egutegian gorriz markatuta? 
Goran bukatzen direnak. Urraki, Gorla eta horrelakoak. Ea sasoian iristen naizen zerbait txukuna egiteko. 

Nola definituko zenuke zeure burua? Zer motako txirrindularia zara? 
Aldapa gora ibiltzen naiz ongi. Halere, nahiko todoterreno sentitzen naiz. Horrela izan behar zara hemengo lasterketetan; ongi pasa mendateak, eta azkarra izan, taldetxoak iritsi ohi baitira helmugara. 

Zer moduz moldatzen zara egun bat baino gehiagoko itzulietan? 
Iaz Bidasoan ongi ibili nintzen. Lehen urtekoa nintzen, eta berria zen niretzako. Gorputzak beste salto bat eman du, eta ea nabaritzen den aurten.