Vendetta, SuTaGar, Mojinos Escozios eta Los Caligaris San Pedro jaiak alaitzeko

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mai. 21a, 19:00
Hilabete geratzen da San Pedro Jaietarako eta Gazteria eta Festak saileko arduradun Txus Alonsok jaietako kontzertuetako taldeak aurreratu ditu

San Pedro jaiak ekainaren 28tik uztailaren 1era ospatuko dira aurten. Lasarte-Oriako Gazteria eta Festak saila lanean ari da egitaraua lotzeko, baina herritarrak prestatzen joan daitezen, Okendo plazan izango diren kontzertu nagusien berri eman du sailak.

"Jaietan Blai! prozesuko herritarren proposamenak kontuan izan dira egitaraua osatzerako orduan", eman du jakitera Txus Alonso Gazteria eta Festak saileko arduradunak.

Era honetara, San Pedro Egunean ekainaren 29an, ostirala Vendetta talde nafarra izango da plazan. Ska rockeko taldea 2014an izan zen Lasarte-Orian. Martxoan musika egiteari utziko ziola iragarri zuen taldeak eta egun Abducted bira egiten ari da agurtzeko. "Herritarrek proposatutako taldeetako bat da eta hau Vendetta ikusteko azken aukera izan daiteke askorentzat," azpimarratu du Alonsok.

Ekainaren 30ean, larunbata, berriz, bi talde izango dira: SuTaGar eta Mojinos Escozios.

SuTaGarrek irekiko du gaua. Heavy metal euskalduneko talde klasikoak diska berriko abestiak, zein doinu ezagunak eskainiko ditu.

Ostean, Mojinos Escozios El Sevillaren taldeak hartuko du oholtza. Hard rock eta blues rockeko taldeak gaupasa girotuko du.

Igandea, jaiei amaiera emateko, Los Caligaris talde argentinarraren fusio musikaz gozatu ahalko da. Rock eta ska estiloak nabarmentzen dira haien abestietan, baina badute berezitasun bat, zirku doinuak ere txertatzen dituzte. "Talde oso ezaguna da Latinoamerikan. Egun bere 20. urteurrena ospatzeko bira egiten ari dira. Duela bi urte La Pegatinarekin egin zuen bira," azaldu du Gazteria eta Festak saileko arduradunak.

Txus Alonsok taldeek kobratuko dutena ere jakitera eman du: Vendetta 14.520 euro, SuTaGarrek 9.680 euro, Mojinos Escozios 14.520 euro eta Los Caligaris 1.815 euro. "Jaietako aurrekontuko ehuneko handi bat kontzertu eta dantzaldietarako da. Herritarrek ulertu behar dute ezin ditugula proposamen guztiak onartu" adierazi du.

Hau guztiaz gain, Isla plazan eta Jaizkibel plazan herriko taldeak eta dantzaldiak izango direla jakitera eman du, baita ekainaren 28ko egitaraua Sorgin Jaien esku egongo dela ere.