Udaberri festa, udaberri giroan

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko mai. 19a, 18:39
Aterpea merkatarien elkarteak 25 urte bete ditu, eta ospatzen jarraitzen du: Udaberri festa antolatu du asteburu honetan. Eguraldi ezin hobea lagun, egitarauko ekintzetan gogotsu hartu dute parte herritarrek

Herriko hainbat elkarte eta eragileren emanaldiak, barbakoa, musika, puzgarriak, tailerrak... Lasarteoriatarrek ez dute aspertzeko astirik izan egunotan. Mende laurden bete du Aterpea merkatarien elkarteak, eta gogotik ari da ospatzen 2018an zehar. Asteburu honetan Udaberri festa antolatu du, azken urteotako usadioari jarraituz. Gogotsu hartu du parte jendeak ekintzetan, eta eguraldiak ere lagundu du. Udaberri festa, udaberri giroan.

Okendo plaza izan da larunbateko ekintzen bilgune. 11:00etan martxan hasi den txu-txu trena izan da berrikuntza nagusietako bat. Herritarrek ez dute ibilgailua probatzeko aukera galdu. 14:00ak arte egon da martxan eguerdian, eta arratsaldean zehar ere makina bat bidaia egingo ditu. Eguerdi partean Kukuka Antzerki eta Dantza eskolako kideak izan dira oholtzara igotzen lehenak. Ondoren, Xumela abesbatzakoek girotu dute goiza. Indarrak hartzeko, haragia parrillan eta sagardo trago freskoa. Eta, ondoren, plazadantza, gorputza astintzeko.

Ostirala, emanaldiz lepo

Herriko merkataritza txikiaren alde lan asko egin du Aterpeak azken 25 urteetan. Bide hori ez du bakarrik egin; hainbat elkarte eta eragile izan ditu alboan. Aurtengo Udaberri festa ez da izan salbuespena. Lasarte-Oriako auzo eta kaleak kolorez bete zituzten atzo arratsaldean Jalgune, Udal Musika Eskola, Semblante Andaluz, Alboka, Zero Sette, Erketz eta Suberriren emanaldiek. Horiekin gutxi ez, eta Dinbi Banda batukada taldeak eta Oaintxe in deu! txarangak herriko bazterrak girotu zituzten. Gaztetxoenek ere primeran pasa zuten, puzgarrietan jolasean eta jauzika, Urko plazan.

Mende laurden, iruditan

Esan beharrik ez dago: askorako ematen dute 25 urtek. Hainbat bizipen, oroitzapen, anekdota, istorio eta irudi. Azken mende laurdeneko hainbat argazki pilatu, eta erakusketa interesgarria egin dute. Antonio Mercero aretoan ikusi daiteke Aterpearen historia, iruditan.