Saririk onena, ongi pasatzea

Txintxarri Aldizkaria 2017ko eka. 24a, 14:03
San Pedro jaiak hasi baino lehenago hainbat mahai jokotan aritu dira Biyak Bat adinekoen egoitzako kideak. Txapeldunek eta txapeldunordeek sariak jaso dituzte.

Pozarren jaso zituzten atzo sariak Biyak Bat adinekoen egoitzako mahai jokoetan parte hartu duten herritarrek. Jesus Zaballos alkatea buru, udal korporazioko zenbait zinegotzi arduratu ziren txapeldun eta txapeldunordeei garaikurrak emateaz. Dena den, jokatu bitartean ongi pasatzea izan da saririk onena parte-hartzaileentzat.

Ez dute aspertzeko astirik izan jokalariek: musa lau zein zortzi erregetara, eskoba, tutea, punttoa, txintxoia, seikoetara, partxisa, damak, dominoa, toka, igela, botea...hainbat modalitatek osatu dute San Pedro festen aurreko txapelketa.