Pop britainiar doinuak lau haizetara

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 10a, 10:02
'Joyleboy' musikariak eskaini du 'Kultura leku guztietan' egitasmoko lehen kontzertua, Pablo Mutiozabal kalean

Hotza izan zen atzoko arratsaldea. Hotza eta haizetsua. Hasiera batean, ez zen giro kale kontzertu baterako. Joyleboy artista arduratu zen Pablo Mutiozabal kalea girotzeaz, pop britainiar doinuak ekarriz. Ez zitzaizkion guztiz gaizki etorri haize ufadak; bere abestiak lau haizetara zabaltzen lagundu zioten.

Aterpea merkatarien elkarteak Kultura leku guztietan egitasmoa antolatu du. Helburua da azaroan eta abenduan herriko kale eta bazterrak girotzea, musika emanaldien bitartez. Atzo arratsaldekoa izan zen lehenengoa. Azaroaren 23an, ostirala, Victor Vega Jazz Trio ariko da Jaizkibel plazan. Beste zenbait emanaldi etorriko dira gero. Denak hasiko dira arratsaldeko zazpietan, eta ordubete beranduago bukatu. "Estilo asko nahastuko ditugu kontzertuetan", adierazi zuen Aterpeako lehendakari Ramon Ormazabalek.