Mundua dastatzen

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko aza. 18a, 19:12
Kultura eta zapore desberdinak elkartu dira gaur Sasoeta ikastetxean. Urtero legez, bazkari multikulturala antolatu du AMPA guraso elkarteak. Hainbat udal ordezkari ere animatu dira jaki eta edari goxoak dastatzera

Inoiz ez dira egon hain gertu Kamerun eta Euskal Herria. Interneten sartu eta bilatzen badugu zenbat kilometro dauden batetik bestera, lau zifrako zenbakiak aterako lirateke. Sasoeta ikastetxean, ordea, zentimetro eskas batzuetara egon dira gaur eguerdian bi lurraldeetako platerak. Urnietatik piper barrubeteak; Kamerundik, gari irinarekin egindako kruxpetak. Esku bakoitzarekin dasta zitekeen bietako edozein. Hori da AMPA guraso elkartearen helburua: Bazkari Multikulturalaren bitartez, herriadeetako distantziak laburtzea, eta zapore zein kultura desberdinak ezagutzea. Mundua dastatzea.

Udal korporazioko hainbat kide ere animatu dira jaki eta edari goxoak dastatzera: Jesus Zaballos eta Lourdes Acevedo (PSE-EE), Pablo Barrio (EH Bildu), Arkaitz Naya (LOAD Lasarte-Oriak Ahal Du) eta Jon Antxordoki (EAJ) egon dira ikastetxeko gimnasioan. Platerez plater joan dira guztiak, sardeska eta koilarak eskuetan. 

Bien bitartean, gaztetxoenek ere bapo bazkaldu dute. Makarroiak, haragi eta tomatearekin. Gutxitan egiten du kale plater horrek.

Hamaika jaki eta plater

Costa Ricako haragi xehatua patatekin; Ecuadorreko 'Corviche' izeneko platera (platanoa, kakahuete gurina, piperra, tomatea, gatza, pipermina eta arrainarekin egiten da); Saharako kuskusa eta te goxoa; Pakistango samosak; Nigeriako Egusi Soup zopa, Marokoko ogi berezia...hainbat jaki exotiko probatu ahal izan dituzte gaurko jankideek. Eta baita hemen inguruan ohikoagoak direnak ere: piper beteak, txahal haragia tomatearekin, arroza, etxean egindako bakailao enpanadillak, txokolatezko palmeratxoak eta trentza postrerako... Zaila zen plateren datuak apuntatzea, zatitxoren bat hartu gabe.

Arratsaldean jarraitu du festak, 2KN kafetegian. Karaoke multikulturalean primeran pasa dute, mota guztietako abestiak kantatuz.

Argazki galeria