Mitxelo Olaizola: "Marketina futbolean sartu zenean izorratu zen dena"

Adrian Garcia 2018ko ira. 14a, 14:00
Erretiroa hartzeko ordua iritsi zaio Olaizolari, Realean 37 urtez lan egin ondoren. Urte horietako bitxikeriak kontatu dizkio txintxarri-ri. "Nire bigarren familia izan da taldea"

Elkarrizketarako hitzordua baino bost minutu lehenago atean itxaroten dago Mitxelo Olaizola (Lasarte-Oria, 1955). Realean 37 urtean lan egin ostean erretiroa hartuta dago, baina ohitura onak ez dira sekula galtzen.

Urte luzez futboleko jokalariak Zubietan sartu orduko beharrezko material guztia prest eduki du Olaizolak, eta, horretarako, derrigor beti garaiz ibiltzea. Pozik dago erretiroa hartuta: "Lana gustukoa nuen, baina adinarekin bidaiak oso astunak egiten dira". Jokalariekiko tratua botako du gehien faltan. 

Abuztuaren 6an izan zenuen azken eguna. Nolakoa izan zen? 
Oso ederra. Goizean Zubietara igo nintzen. Danel etorri zitzaidan, minbizia pasatako mutiltxo bat; gurasoekin etorri zen niri agur esatera. Goiko zelaira igotzeko esan zidaten gero. Uste dut egin zenetik bitan bakarrik igo naizela. Hor zeuden jokalariak eta beste langileak itxaroten, eta pasilloa egin zidaten. 

Harreman ona duzu jokalariekin. Klubean estimu handitan zaituzte.   
Horrela dirudi. Realean emandako denboran jasotako onena hori da, haiekiko tratua; oraindik batzuk deitzen didate, eta noizbehinka elkartzen gara. 

Beti egon zara futbolaren munduan bueltaka. Michelinen entrenatzen zenuen hasieran.  
Bai. Nire anai nagusiak [Julio Olaizolak] Sansen eta Realean jokatzen zuen. Nire fisikoarengatik ezin nuen futbolean jokatu, eta gaztetxoak entrenatzen nituen. Hainbat talde gidatu ditut. Etxean beste gairik ez zegoen, eta futbolaren mundu barruan bizi izan naiz beti. 

Nolatan hasi zinen Realean lanean? 1981ean sartu zinen.   
Bai, 1981eko ekainaren 1ean hasi nintzen. Krisi handia sufritu dugula esaten dute, baina garai haiek ere latzak izan ziren. Elektrizitatea ikasi nuen, baina bukatzean ez nuen lan askorik. Langabezian nengoela, Julio anaiaren bidez jakin nuen langile bila zebiltzala. Zelaiak landatu, ateak margotu, Atotxan erratza pasa, mantenu lanak... denetatik egiten genuen. Hiru hilabeterako sartu nintzen, eta begira... 

Gauza asko aldatuko ziren 37 urtean.   
Pentsa, lehen Realean ez zegoen tresnazainik. Jokalariek beraiek zestoetan eramaten zuten arropa garbitzera. Lehen ere profesionala zen, noski, baina orain are gehiago da. Futbolaz gain, beste gauza asko sartu dira tartean. Orain elastikoen koloreekin gauzak asko nahastu dira. Jendea haserretzen zait, baina egia da: marketina futbolean sartu zenean dena izorratu zen. 

Zer dela eta?   
Salmentetan besterik ez dute pentsatzen. Adibidez, denboraldi batean okurritzen zaie atezaina berdez janztea. Baina kasualitatea, hari ez zaio berdea gustatzen, eta uko egiten dio. Batek esaten dit ezetz, eta besteak baietz. Atezaina taldeko jokalari bereziena da, eta ez bazaio kolore bat gustatzen, sahiesten saiatuko da. Lehentasuna da hari gustatzen zaion kolorea. Eta epaileek eta telebistek baimena eman behar dute gero. Orain asko modernizatu da. Etxez kanpo jokatzean ordenagailuko programa baten bidez egiten dira kontsultak. Telebistak proba bat egiten du, ziurtatzeko kolore horiek ongi ikusiko direla pantailan. Marketin departamentukoek ez dute hori ulertzen. 

Traba asko jartzen al dituzte telebistek?    
Gasteizen ez ziguten utzi jokatzen gure bigarren ekipamenduarekin, telebistan gaizki ikusiko zelakoan, gauez zelako partida. Alor horretan asko aldatu da futbola. Ni lanean hasi nintzenean zuloz beteta zegoen Zubietako errepidea; gatza bota behar izaten genuen estaltzeko. 

Nolakoa da tresnazain baten egunerokoa? 
Astean zehar, entrenamendu egunetan 7:15ean Zubietan nengoen dagoeneko. Bakoitzak bere armairutxoa du, eta erabil dezaketen arropa guztia sartu behar da barruan. Ondoren, boten gelara joan, eta larruzkoei koipea eman behar zaie. Egun plastikozko asko daude, eta horiei ez zaie ezer eman behar. Botak utzi behar zaizkie haien lekuan, zelaira atera behar direnerako. Entrenamendu bakarra bada, toallak eta arropa lehorra jarri behar zaie armairutxoan, gimnasiora eta fisioterapia gelara joan behar badute. Eta bitartean, botak garbitu behar dira hurrengo egunerako, aldagela txukundu eta erabilitako arropa garbitzera bidali. 

Asko aldatzen da zeregina partida egun batean? 
Bai. Berdin prestatu behar da arropa, baina tentsioa askoz ere handiagoa da, urduritasun gehiago dago. Entrenamenduetan txantxa giro handiagoa dago, baina desberdina da partida badago. Zu zeu konturatzen zara urduri zaudela, jokalariak ere hala daude, eta bakoitza bere munduan sartzen da. 

Jokalariekiko gertutasun horrek haientzako garrantzitsua egiten du tresnazaina. Psikologo eta aholku emaile ere izan zara neurri batean.     
Bai, agian azken aldian gutxiago, gaztetxoak helduago iristen direlako orain. Lehen, erretzen nuen garaian, gela batean elkartzen nintzen jokalariekin kafea hartzera, eta zigarretaren  bueltan hitz egiten genuen. 

Lehen izango zen hori, orain ez du inork erreko, ezta? 
Nik erretzeari utzi diot, baina badira batzuk oraindik tabakoari ematen diotenak.

Zeri buruz galdetzen zizuten?     
Astelehena bazen, bezperako partidari buruz galdetzen zidaten, zer moduz aritu  ziren jakiteko. Nire iritzia eskatzen zidaten. 

Nola jokatzen zenuen zuk? Zintzo erantzuten zenien? 
Bai, bai. Nik beti esaten nien nire iritzia zela, ez nuela zertan arrazoia eduki behar. Eta baten bat haserretu egiten zitzaidan. "Mitxelo maitea, zer moduz jokatu dut?", galdetzen zidaten. "Jokatu? Zelaira atera zinen, baina jokatzea beste gauza bat da", erantzun nion bati behin; noski, ez zitzaion esandakoa gustatu. 

Zein zen jokalari hori?
Darko Kovacevic. Eta [Valerio] Karpinek esaten zion: "Zergatik galdetzen diozu ba, badakizu-eta erantzuna". Ondo jokatzen zutenean kritika onak egiten nizkien, baina gaizki jokatzean egia esaten nien. Nire egia. Agian erratuta egongo nintzen, baina pentsatzen nuena adierazten nien. 

Karpinek ongi hartzen al zituen kritikak? 
Oso lagunak ginen. Bere garaian esan nion: "Valerio, hator pixkatean. Zahartzen ari zara, hegalean neuri ere ez zenidake gaindituko abiaduragatik". Ez zidan kasurik egin, baina Getafen alboko atzelariak baloia lapurtu zion; saiatu zen harrapatzen, baina ez zuen lortu, eta biraoka onartu zuen arrazoi nuela. Azkenean euskarri bezala amaitu zuen. Ez nik esan niolako, noski. Nik ikusten nuena besterik ez nion azaltzen. 

Azken aldian ere berdin ibili al zara?     
Bai, ez naiz sekula aldatu. Vila-realen aurkako partidaren ondoren idatzi nion jokalari bati: "Azkenean ikusi zaitut jokatzen". Muxu handi batekin erantzun zidan. 

Zure zintzotasuna eskertuko zuten jokalariek. 
Ez nauzu sekula ikusiko inoren bizkarretik gaizki esaka. Zuzenean sartuko dizut labana. Badakit askotan oker egongo naizela, baina nire iritzia eman dut beti. Adibidez, Iñigo Martinezi botak eman nizkionean azken aldiz, pentsatzen nuen guztia esan nion aurpegira. Eta, halere, oraindik harremanetan gaude, eta afaltzeko geratzekoak gara laster.

Negozio handi bat bihurtu da futbola, eta izar handiak dira egun jokalariak; soldata milioidunak irabazten dituzte. Uste duzu jauzi handia dagoela futbolarien eta herritar arrunten artean?     
Nik ez dut uste jende arruntarekiko horren urrun daudenik. Egia da nik mundu hori barrutik bizi dudala. Realean denak oso gertukoak dira. Hemen haur guztiak joan daitezke aparkalekura, eta jokalariekin egoten dira. Oso umilak dira. Nik askotan esaten diet: "Baserritar batzuk zarete". 

Beste taldeetan aldatzen al da hori? Ez dakit. Roberto Carlosekin, bi Ronaldoekin, [Zinedine] Zidanekin, jende askorekin hitz egin dut, eta ez dira batere harroputzak. Txapeldunen Liga jokatu genuenean Juventusen aurka,  Kovacevicek esan zidan haien aldagelara joateko, Buffoni hots egitera. Zigarreta erretzen ari zenez, nik ere harekin batera beste bat piztu nuen, eta hor aritu ginen hizketan.  

Jokalari ohi askok zoriondu zaituzte erretiroa hartzeagatik?     
Bai, eta izugarri pila pozten nau horrek. Ez naiz sare sozialen zalea, baina esan didate askok hortik zoriondu nautela. Juan Gomez, Nihat [Kahveci], Karpin, Kovacevic, Gaizka Garitano...

Nihatek golak zurekin ospatzen zituen, eta ez zituen gol gutxi sartu. Zein izan da zuretzat jokalaririk bereziena?
Bai, hogeiren bueltan sartu zituen denboraldi batean. Askorekin izan dut harreman berezia, zaila da bat aukeratzea. Antoine [Griezmann], Gero Rully, Ruben Pardo, Aritz Elustondo, Mikel Oiarzabal... Ezingo nuke bakar bat aukeratu, denekin moldatu naiz primeran.

Jokalariak ongi ezagutzeaz gainera, haien maniak ere ikasi behar zenituen. Aipatu daitekeen baten bat baduzu?       
Loco Abreurena ez dut inon ikusi. Denok dauzkagu mania batzuk, baina harena ikusgarria zen. Iritsi zenean kaxa bat eman zidan; amabirjinen postalak, irudiak, arrosarioak... gordetzen zituen. Aldagelan aldare txiki bat eraikitzen zuen. Janzteko era oso bitxia zuen. Guztiz biluzten zen, eta bainujantzi motz bat jartzen zuen. Barruan errosario bat sartzen zuen, barrabiletan. Oin zola bakoitzean hamahiru gurutze egiten zituen tira batekin, eta, azkenik, amabirjin baten barruan ura gordetzen zuen, burua kendu eta gorputz osoan botatzen zuen. Ikustea ikusgarria zen. Beti errito berbera partidaren aurretik. 

Zuk ere ba al zenituen maniak?     
Nik asko nituen. Asko. Partida bat galtzen bagenuen, garajetik ateratzean itzulinguru bat egiten nuen Anoetara joateko. Ea zortea aldatzen zen. Promesa asko egiten nituen, Lourdes Txikira oinez joatekoa, adibidez. Botak jartzeko modua aldatzen nuen, espinillerak beti zelaira begira jartzen nituen... Asko nituen. Momentuan uste duzu lagungarriak izango zaizkizula, nahiz eta gero hala ez izan.  

Realeko langile zinela tituluak irabazi dituzu.     
Bai, baina niretzako berezienak ez dira titulu horiek, Lehenengo Mailara igo ginenean baizik. Hori da nire titulurik gogoangarriena. 

Nola bizi zenuen?    
Oso zaila da hitzekin azaltzea. Oso hunkigarria izan zen. Partida amaieran delegatua eta biok aulkiaren ondoan geunden. Ezin genion urduritasunari eutsi, eta erretzen hasi ginen zelaian. Laugarren epailea gerturatu zitzaigun errieta egitera... Izugarria izan zen. Denekin besarkatu ginen; Antoine [Griezmann] zuzenean etorri zen nigana ospatzera, "papi, papi" oihuka. 

Ezaguna da oso urduri jartzen zarela partidetan. Kanporatua ere izan zara behin edo behin.    
Bibotea jaten nuen oso urduri nengoenean. Aulkiaren barruan jende askok egiten du garrasi, eta oharkabean igaro zaitezke. Baina gero aulki gehigarrian hasi nintzen esertzen, eta hor ezin da disimulatu. Azken aldiaz penalti batengatik kanporatu ninduten. 

Orain ere urduri jartzen al zara partidetan?    
Bai, etxean ikusten ditut, ezin dut tabernara jaitsi. Baten bat jokalariez gaizki esaka aritzen bada min asko ematen dit. 

Nola ikusten duzu Reala denboraldi honetan?    
Ez zait gehiegi gustatu. Entrenatzaileaz gainera, hamabi pertsona berri daude lantalde teknikoan. Aldaketa handia da, eta ohitu beharko dira.

Urte gogorrak izango ziren Bigarren Mailakoak, ezta?   

Bai. Bigarren mailako bidaien joanekoa hegazkinen egiten genuen, partidara atseden gehiago hartuta irits zitezen jokalariak. Eta itzulekoa autobusean. Baina ez ziren orain bezala charter hegaldietan egiten.  Zubietatik autobusera Bilbora. Mallorcara hegazkinez, gero Alacantera, eta, azkenik, Murtziara autobusez. Askotan itzuleko bidaiak hamabi ordukoak izaten ziren. Gorputz txiki honekin egin ditut horrelako asko. Barre asko botatzen genituen. Batzuk gau osoan kartetan jokoan, beste bat pasilloan etzanda lotan... 

Taldea animoz apalago ikusten zenuen?   
Bai. Hasiera bai. Astindu handia zen Lehen Mailan jokatzetik zelai txikietara joatea. Adibidez, Granada 74 taldeak Mortilen jokatzen zuen; zelaia hilerriaren ondoan zegoen. El Ejidon,adibidez, zelaia txiki-txikia da, eta ehun pertsona zeuden gehienez, nahiz eta Reala talde erakargarria zen kategoria horretan. Gero ohitzen joan ginen, eta zorionez hortik gutxira igo egin ginen. 
Egunik pozgarriena igoeraren eguna izan bazen, tristeena jaitsieraren eguna izan al zen?   
Zalantzarik gabe. Valentzian jokatu genuen azken partida, eta ia ziur bagenekien jaitsi egingo ginela. Halere, beti duzu esperantza txiki bat. Irabazten hasi ginen gainera. Oso gogorra izan zen egun hori. 

Unai semeak hartu du erreleboa

Hutsune handia utziko du Mitxelo Olaizolak Realean, baina jakin dute ongi betetzen lanpostu hori. Unai semeak hartu du erreleboa, eta dagoeneko lanean da tresnazain bezala. "Hasieran nire semea izatearen zama edukiko du. Baina ez dago hor horregatik, hasia zen Realean lanean". Aitarekin batera hasi zen Unai tresnazain moduan, maiatzean. "Egia da, beste edozeinekin baina tematiagoa naiz berarekin, beti bere atzetik". 

Hirugarren denboraldia du Unaiek. Entrenatzaile tituluak izateaz gainera, magisteritza eta kirol arloko goi mailako ikasketak ere baditu. "Ilusioa egiten dit aitaren lana hartzeak. Ardura handia da", esan dio txintxarri-ri. Aholku aldetik ez du arazorik izango, alboan izango baitu beti aita. "Txikitatik bizi izan dut Realarekiko eta futbolarekiko pasioa. Aitak esaten duen bezala, lehenengo gure familia dago, eta, ondoren, Reala". 

Aitak kontatutakoa eraman behar du orain praktikara. "Ez da egoera berbera, bakoitzak bere egiteko moduak ditu. Jokalariak bera baino gazteagoak izan dira. Nik nire adinekoak ditut asko, edo zaharragoak". Edonola ere, klubaren giro onean bete-betean sartu da. "Primeran hartu naute aldagelan".