Maitasun dosia, bizitzan aurrera jarraitzeko

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko eka. 26a, 19:15
Julene eta Labrit alabek bultzatuta, Eva Elexpuruk omenaldi beroa jaso du ETBko 'Asko Maite Zaitut' programa ezagunean. Sorpresa hartu eta maitasun dosi handia jaso du herritarrak gertukoengandik.

Eva Elexpuru herritarra izan  protagonista 'Asko Maite Zaitut' saioko atzoko kapituluan. Julene eta Labrit alabei otu zitzaien amarengandik behin eta berriro jasotzen dutena bueltan ematea, eta ETBko programa horretako ekoizleekin jarri ziren harremanetan. Zuhaitz Gurrutxaga da aurkezlea. Evaren familiak bakarrik ez, gertuko lagunek eta Atzegiko lankideek ere ez dute zenbat maite duten esateko aukera galdu.

Lasarteoriatar bat bigarrenez izan da protagonista ETBko saio horretan. 2016 hasieran Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx'-ek jaso zuen sorpresa atsegina.

Bularreko minbizia izan du Evak, bi aldiz. Lehenengoa, duela zazpi urte. Gaixotasuna gainditu eta atzean utzi zuen, 2015ean birsortu zitzaion arte. Behera etorri beharrean, ordea, beti bezain umoretsu eta positibo izaten jarraitu du Evak. "Unean unekoaz gozatu behar da, beti aurrera egin", azpimarratzen du aipatu omenaldian. 

Hunkituta ikusi du Evak berarentzat prestatuta zeukatena. Kukuka dantza taldeko kideek, Julene alaba tartean, dantza bat sortu zuten, zapi arrosak eskuetan (bularreko minbiziaren aurkako sinbolo ezagunenetako bat da). Ondoren, Evaren bi alabak berarengana gerturatu eta esan diote zenbat maite duten, eta merezi duela horrelako omenaldi bat. Besarkatu egin dira gero. Ondoan zeuden baita ere Jon senarra, ahizpa eta gurasoak.

Evaren lagun-minek eta Atzegiko lankideek ere parte hartu dute aitortza bero horretan. Beraiek ere jarri dute aletxoa herritarrak jaso duen maitasun dosi oparoan. Hitzez behar baino gutxiagotan islatu ohi den arren, oso indartsua izaten da sentimendu hori. Evaren gertukoek soberan erakutsi dute.