Jaioterrian, herritarrekin emandako azken agurra

maddi-noriega 2018ko mai. 24a, 15:06
Antonio Mercero 'Antxon' zinemagile lasarteoriatarrari omenaldia egin dio Lasarte-Oriak, asteazkenean. Politikako ordezkarien, ahaideen eta lasarteoriatarren berotsuna izan du familiak ekitaldian. Jose Ignacio Ansorena lagunak txistu doinuekin ireki du omenaldia

Azken agurra eman dio Lasarte-Oriak Antonio Mercerori, asteazken arratsaldean. Emaztea eta seme-alabak omenaldi bero baten lekuko izan dira, kultur etxean egindako ekitaldian. Goiz-goizetik izan du gogoan herriak zinemagile ospetsua. Brigitarren Komentuan meza bat egin dute Merceroren omenez.  Felix Garitano kapilauak zuzendu du elizkizuna, eta bertan bildutako senide, lagun eta herritarrek une hunkigarriak bizi dituzte; Mikel Laboaren Txoriak txori abesti ezaguna entzun ahal izan da.

Goizeko ekitaldiaren ostean, omenaldia egin diote Manuel Lekuonan. 18:30erako zegon hitzordua jarrita, eta kultur etxeko areto nagusia jendez gainezka zegoen ordurako. Emazte eta seme-alabak agertokiaren lehen lerroan, Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua izan dute ondoan, baita Lasarte-Oriako Udaleko ordezkariak ere. 
Kultura zinegotzi Maite Iglesiasek hartu dut hitza, eta zinemagileak egindako lana ekarri du gogora. Merceroren "ausardia" azpimarratu du. Haren sorkuntza urteak frankismoak kolpatutako urteak izan arren, gai asko argitaratu zituen bere lanetan. Homosexualitatea eta transexualitatea, adibidez, Farmacia de guardia seriean, eta frankismoaren metafora ere azaleratu zen La Cabina filmean. Azken horrekin gainera, Emmy saria jaso zuen. 

Parodiako parte hartzaile
Lasarte-Orian parte hartze "aktiboa" izan du Mercerok betidanik, eta besteak beste, Santa Anako parodia mantentzeko  borrokari eutsi zion frankismo garaian. Herria ez zuen inoiz ahaztu, eta orain betiko gogoratuko dute. Bere lan eta bizita ezagutzeko museo birtual bat irekiko da Antonio Mercero aretoan.

Denis Itxasok bi gogoeta plazaratu ditu omenaldian. Lehenik, Mercerok bere obren bidez "egia asko" proiektatu zituela nabarmendu du, eta bere lanenekin "gizartea eraldatzea" lortu zuela. Horrekin batera, zinemagilearen lanek "ikuspegi  anitzetako jendea" batu dutela  azaldu du: "Lan oso zaila izan arren, Antontxok lortu zuen".

Ordezkarien hitzez ostean, emazte eta seme-alabak oholtzara igo eta oroigarria jaso dute. Ekitaldia amaitzeko eskerrak eman nahi izan ditu Antonio Mercero semeak: "Mila esker gaur gurekin bildu zareten guztioi, ez da gure aita agurtzeko modu hobeagorik izan".