Ikus-entzule gazteagoari zuzendutako 'Gautxoria'

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ira. 19a, 14:09
Umorea eta musika ardatz hartu ditu udalak aurtengo egitaraua prestatzeko. Bakarrizketak ere izango dira . Manuel Lekuona kultur etxean eta Okendo plazan izango dira emanaldiak, eta kafetegia ere zabalduko dute gau horretarako

Irailaren 21erako ekitaldiak antolatu ditu udalak, Manuel Lekuona kultur etxean, gauez kulturari espazio bat emateko. Aurtengoari Gautxoriari berrikuntza bat gehitu diote antolatzaileek: Okendo plazan ere izango dira ekitaldiak. Beraz, kultur etxetik herriko plazara zabalduko dira ekintzak.

Yogurinha Borova eta Maria Urzelai aurkezle lanetan arituko dira, eta herritarrak Manuel Lekuonara erakartzeko lanak egingo dituzte, kalean.

Iaz bezala aurten ere Patricio Pubek eskainiko du taberna zerbitzua, gau horretan, kultur etxeko kafetegian. 20:30ean kafetegia irekitzearekin batera, Oso Fan taldearen emanaldia izango da, Okendon. 

Horren ostean,  Alazne Etxeberriaren bakarrizketak izango dira 21:45ean, kultur etxeko kafetegian. ETBko Vaya Semanitan umore programan aritzeagatik da ezaguna Etxeberria. 

23:00etan Solo Fabioloren ikuskizunak jarraituko du, auditoriumean eta 00:30ean, berriz, Asier Hormazak bakarrizketa eskainiko du, kafetegian.

Eddie Mar DJaren musika emanaldiak itxiko du aurtengo Gautxoria, kultur etxean. 01:30ean hasiko da eta 03:00ak bitarte iraungo du.

Aurtengo egitasmora gazteak erakarri nahi ditu udalak. Iaz, eskaintzak zertxobait behartuta, ikus-entzule heldua bildu zen ekintzetan. Aurten, berriz, bezero gazteagoak erakartzeko moduko eskaintza osatu dute.

Gonbidapenak eskuragai
Solo Fabioloren ikuskizunerako gonbidapenak jarriko ditu udalak, herritarrentzat. Kultur etxean eskuratu ahalko dira.