Ikasturteko azken batzarra, azkar batean

Txintxarri Aldizkaria 2018ko uzt. 13a, 11:23
Adinduen egoitza aldundiari doan uztea onartu dute aho batez, besteak beste. Udaltzain kaporalen plusen kopuruaren gaia atzeratu egin dute. Eztabaida bakarra kredituen aldaketarekin piztu da: Uzturre eta San Martzial plazetako obren aurrekontua igo egin da

Ikasturteko azkenengo ohiko udalbatzarra guztietan laburrena izan da. Ordu laurden eskasean ebatzi dituzte zinegotziek esku artean zituzten gaiak. Abuztuan ez dago batzarrik, eta, beraz, iraileko bigarren asteartean egingo dute hurrengo ohiko saioa. Halere, ez dituzte lanak guztiz bukatu: gaur ezohiko udalbatzarrera deitu dute, hiriko garraio publikoaren zerbitzuaren kontratu aldaketa ebazteko. 

Garrantzia handirik gabeko gai batzuk landu zituzten asteartean; beharbada garrantzitsuena zena, udaltzainen eta kaporal agenteen gauetako eta jaietako plusei dagokion kopuruaren ingurukoa, beste baterako atzeratzea erabaki dute, adituen txosten bat falta delako. Ikus-entzule aldetik ere pertsona bakan batzuk azaldu dira, eta inork ez du parte hartu galdera eta erreguen puntuan. 

Ohi bezala, aurreko udalbatzarren aktak aho batez onartu dituzte. Bigarren puntuan 2018ko ekitaldian kredituak aldatzeko bideratu diren dosierren berri eman du Jesus Zaballos alkateak, eta, hurrengoan, kreditu gehigarrien bidez horiek moldatzeko proposamena bozkatu dute. PSE-EE eta PPko zinegotziek alde bozkatu dute, zortzi guztira, eta gainerako guztiak, EH Bildu, ADLOP Ahal Du Lasarte-Oria Puede eta EAJ abstenitu egin dira (beste horrenbeste boto). Arkatz Naya ADLOPeko bozeramaileak eman du erabaki horren arrazoia: "Ez gaude diru sortaren aldaketaren kontra, baina hirigintzari dagokionean legeak onartzen duena baino gehiago moldatu da". 

Uzturre eta San Martzial
Alkateak azaldu du gertatutakoa, Xabier Egea udaleko idazkariaren laguntzarekin. Uzturre eta San Martzial plazen lanetako aurrekontua igo egin da. "Udal gobernuak ez du ezer jakin, obraren zuzendariak bere kabuz hartutako erabakia izan baita. Onartu du hutsegitea, eta hemendik aurrera idazkariak eta alkateak onetsi beharko dute aurrekontua igotzea", esan du Zaballosek. Egeak ere azalpenak eman ditu: "Legezko prozedura ez da bete, baina legez kanpokoa ez da aurrekontua moldatzea". 

Aldundia eta Atsobakar   
Bestetik, udalbatzarrak aho batez onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiari adinduentzako egoitza doan uztea. Azkeneko gaia ez dute eztabaidatu ere egin; udaltzainen eta kaporal agenteen gauetako eta jaietako plusen kopuruei buruz ziren hitz egitekoak, baina "mahai gainean" utzi dute, txosten bat falta delako. 

Galdera eta erreguen puntuan, eskualdeko autobus zerbitzuen murrizketak izan dituzte hizpide. Zaballosek jakinarazi du aldundiaren kontseilu gobernuak onartu duela proiektua, eta helegiteak erantzungo dituela egunotan.