Herritarren bulego ibiltaria Okendo plazara iritsiko da igandean

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 10a, 10:00
Lasarte-Oriako alkateak eta hainbat batzordeburuk herritarren proposamenak eta kexak jasoko dituzte Okendo plzan ezarriko den Herritarren Bulego Ibiltarian

Lasarte-Oriako herritarrek udal ordezkariei ekarpenak, kexak eta iradokizunak egiteko aukera berria izango dute igande honetan, martxoaren 11an, Okendo plazan, 10:30etatik 13:30era. 

Herritarren Bulego Ibiltarian udal informazioa eskainiko da eta irudiak proiektatuko dira telebista handi batean.

Gainera, mahai eta aulkiak ezarriko dira udaleko ordezkariak herritarrekin elkartzeko. Eta ordezkariekin hitz egin nahi ez duenak ere izango du bere proposamenak luzatzeko aukera. Horretarako, ontzi bat jarriko da.

Karparen ondoan, haurrentzako puzgarriak egongo dira, baita haurrentzako tailerrak ere. 

Herritarren Bulego Ibiltaria Udalak azaroan onartutako Parte-hartze araudiko ekintza da eta Udaleko jarduera auzoetara hurbiltzea du helburua.

Hurrengo hitzorduak honakoak dira: apirilaren 15ean, Basotxo plaza;  maiatzaren 13an, Brunet parkea; irailaren 16an, Jaizkibel plaza; urriaren 21ean, Isla plaza; azaroaren 18an, Atsobakar parkea eta abenduaren 16an, Oztaran plaza. 

Paperezko agendan akatsa

Bide batez, paperezko martxoaren 9ko agendan Herritarren bulego ibiltariaren berri ematen genuen eta ordutegia oker argitaratu genuela ohartarazi nahi dugu. Albiste honetan aipatu denez, bulegoan goizean izango da Okendo plazan, 10:30etik 13:30era.