Herrian kontsumitzeko deia egin du Aterpeak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ira. 19a, 20:45
Sentsibilizazio kanpaina hasiko dute herriko dendek. Lasarte-Orian kontsumitzearen onuraz ohartarazteko afixak jarriko dituzte erakusleihoetan. Onura ekonomikoaz gain, herri eredua ere aipatu du Aterpeako Ormazabalek: "Bizirkik nahi dugu herria"

Teknologia berriek eta merkatal gune handien hedapenak erosteko ohiturak aldatu dituzte, eta dendari txiki asko utzi kinka larrian. Ondorioa ez dute soilik merkatariek sufritu, herri txiki asko geratu baitira hutsik, bizitzarik gabe. Toki askotan ikusi da joera hori, baina Lasarte-Oriako egoera kezkagarria da batez ere. Epe ertainera begira are saltoki handi gehiago eraikiko dituzte inguruan. Haatik, Aterpea merkatarien elkarteak ez du etsi, eta herritarrak kontzientziatzeko kanpaina hasi du. Herrian kontsumitzeko garrantziaz ohartaraziko dute erakusleihoetan jarritako afixen bidez. 
Komertzioari bizitza emanez zeure herriari ematen diozu. Herrigintzan zurekin, erosi Lasarte-Orian. Lasarte-Oriako komertzioa, konfiantzazkoa. Lasarte-Orian bizi, Lasarte-Orian erosi. Komertzio txikietan erosteak pertsona handia egiten zaitu. Mezu horiek jarriko dituzte dendetan, irailaren 24tik 30era, kanpaina horretan. Lasarte-Oriako herritarren sentsibilizazioan lagundu dute udalak eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merktararitza eta Kontsumo departamenduak. Aterpeako 30 bat kide azaldu dira aurkezpenera, baita Jesus Zaballos alkatea ere. 
"Kanpaina honen helburua da ostalaritza eta zerbitzuen sektoreko denda txikiek bizirik jarraitzea", esan du Ramon Ormazabal Aterpeako presidenteak. "Okindegia, kafetegia, arraindegia, harategia... Ba al dakite herritarrek zer dagoen zerrenda horren atzean? Herriko familiak. Egunero borroka egitera altxazen dira, dendako ateak irekitzeko". 
18.000 biztanle inguru ditu Lasarte-Oriak, eta horiei zerbitzuak eskaintzeko 500 bat negozio daude. Aterpeako presidenteak emandako datuen arabera, 1.200 pertsonari lana ematen diete enpresa txiki horiek. "%70-75ekoa da udalerrian duten eragin ekonomikoa". 
Datu ekonomikoetatik harago, Ormazabalek herri ereduaz hitz egin du. Izan ere, askotan esan izan du dendarik gabeko herria hilda dagoela. "Guk ez dugu soilik lo egiteko herri bat nahi. Bizirik nahi dugu herria. Ez dugu sakeleko emoticono-ekin agurtzen den gizartea. Harreman pertsonalak nahi ditugu, kafeekin, kopekin, herriko plazetan. Koloreetako kaleak eta erakusleiho biziak nahi ditugu". Hain justu, eredu horri eusteko dei egin die lasarteoriatarrei herriko dendetan kontsumitzera.