Danborrak astintzen, pozik eta alai

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urt. 19a, 17:08
Herriko ikastetxeetako neska-mutilek gogor astindu dituzte danborrak; goibel egon da zerua, baina euririk ez du egin azkenean

Sukaldariz josita zeuden atzo arratsaldean herriko lau ikastetxeak: Sasoeta-Zumaburu, Sasoeta, Garaikoetxea-Landaberri eta Landaberri LH. Mantal eta txano zuriak, galtza urdinak, kupel itxurako danborrak eta, instrumentu horiek gogor astintzeko, makilak eskuetan. Sukaldariek aurreko asteetan pazientziaz eta irrikaz egosi zituzten Donostiako Martxa, Tatiago, Iriyarena, Lasarte-Oriaren eta Realaren ereserkiak eta beste hainbat kanta. Atzo eraman zituzten plateretara, eta guraso zein lagunei eskaini. Iritsi da danborrada. Argazki galerian ikus dezakezue atzoko egunak eman zuena.

Eguraldi iragarpenak ez ziren batere onak, baina ia ez zuen euririk egin; tantatxo batzuk baino ez. Horrenbeste entseatu eta gero, ur pixka batengatik ez ziren kikilduko irakasle eta ikasleak, eta aurreikusitako tokietan astindu zituzten danborrak: Sasoeta-Zumaburuko txikiek, Isla Plazan; Sasoetan ikasten duten Lehen Hezkuntzako ikasleek, patioan; Garaikoetxea-Landaberriko haurrek ere, patioan; eta, Landaberri LHko ikasle eta irakasleek, anfiteatroan. Azken biek gune estaliak dituzte, eta, euria egin arren, normalean hor jotzen dute. 

Teknologia berrien presentzia nabaritzen da horrelako ekitaldietan. Komeriak izan dituzte kazetari eta argazkilariek danborradetan sartzeko, ahaide mordoa zeudelako ekitaldi horiek ikusten, eta euren mobilekin argazkiak ateratzen edo bideoak grabatzen. Atzoko danbor-hotsak eta kantuak gogoratuko dituzte euren seme-alabekin hemendik urte batzuetara.