Goizetik gauera arteko festa

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko aza. 12a, 17:44
None
Egun osoko festa erraldoia izan da aurtengo Euskal Jaia. Goiz-goizetik hasi eta gaueko ordu txikietara arte, primeran pasa dute lasarteoriatarrek. Giro ederra egon da Lasarte-Orian

Iaz ere ongi joan zen Euskal Jaia, oso ongi, baina egitarauko ekintza nagusiak Loidibarren pilotalekuan egiteak ez dauka zerikusirik Okendon egitearekin. Plaza Euskal Jaiaren ardatza izateak xarma berezi bat ematen dio jaiari berari. Eguraldi aurreikuspenek goiz euritsua iragartzen zuten, baina antolatzaileek erabaki zuten hasierako plana mantentzea eta Okendo izatea ospakizunen erdigunea. Jokaldia primeran atera zitzaien, prebisioa ez zelako bete: ateri egon zen goiz eta arratsaldean, eta ilundu zuenean soilik egin zuen euri apur bat, Oaintxe in deu! txaranga eta Earra! bertso eskolako bertsolariak kaleak alaitzen ari zirenean. Goizetik gauera bitarteko festa erraldoia izan da 2018ko Euskal Jaia. Gogoratzekoa.

Txistulariak eta danbolin joleak arduratu ziren herria esnatzeaz. Antonio Mercero gunean geratu ziren, eta erdigunetik ibili ziren gero, musikaren laguntzaz Euskal Jairako prestatzeko eskatzen lasarteoriatarrei. Musikarien doinuez gain, Euskaraldia ere sartu zen herritarren etxeetara larunbat goizean. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den ariketa linguistiko eta soziala gero eta gertuago dago, eta Ahobizi eta Belarriprest gehiago lortze aldera, etxez etxe ibili ziren hainbat boluntario giro ederrean. Bazkalordura arte jarraitu zuen musikak, Xumela abesbatzako kideak eta hainbat gaztetxo kantujiran ibili zirelako erdigunetik. 

Gustura eta disfrutatzen ari zarenean oso azkar pasatzen dira segundoak, minutuak eta orduak. Ia konturatu gabe. Gorputzak bere erritmoa dauka ordea, eta badaki noiz den unea indarrak berreskuratzeko. Goizeko ekintzak bukatzerako prest zeukaten sukaldariek Euskal Jaietako menua: errioxar erara egindako patatak, saiheskiekin. Okendo plazan elkartu ziren ehundik gora herritar bazkari legea egiteko. Bapo jan eta gero, barre eginez lagundu zioten urdailari digestioa egiten. Bea Egizabalek eman zion umore ukitua bazkalosteari.

Festa giroa, iluntzera arte

Kirola eta musika izan ziren arratsaldeko ekintzetako protagonistak. Pilotan eta herri kiroletan aritu ziren hainbat gaztetxo, Intza KE eta Ostadar SKT kirol elkarteetako kideekin. Sorgin Jaiek, berriz, gazte olinpiadak antolatu zituzten, proba dibertigarri eta bitxiekin: sokasaltoan ea zenbat pertsona aritu daitezkeen batera, bakoitzak bere buruari hamar bira eman eta gero alde batetik bestera korrika egitea eta taldetan banatu eta hankak lotuta zituztela ibilbide bat egitea, besteak beste. 

Ekintza horiek bukatu zirenerako prest zeukan dena Beñat Telleria harrijasotzaile gazteak. Joseba Ostolaza eta alaba ere etortzekoak ziren, baina ezin izan zuten Okendora azaldu azkenean. Okerra harria ez zuen inork jaso larunbatean, beraz. Bakarrik geratu bazen ere, Telleriak hitzeko pertsona dela erakutsi zuen, eta erakustaldia eskaini zuen. Bereziki ikusgarria izan zen 156 kiloko harri errektangularrarekin egindako lana: lau altxaldi egin zituen pare bat minutuan. Axier Arteaga pilotariak egin zituen laguntzaile lanak.

Kiroletik, musikara eta dantzara. Ttirriki Ttarraka musika eskolako kideek girotu zuten Okendo, dagoeneko zerua iluna zegoenean. Luken Arkarazo eta Jokin Irastorza usurbildarrak ere igo ziren oholtzara. Eszenatoki gainean, musikariak; azpian, lasarteoriatarrak, gorputza astintzeko gogoz. Majo izerditu zuten batzuek fandango eta arin-arin artean. Behin motorrak berotuta, dantzan jarraitu zuten askok (gazteek, bereziki), Oaintxe in Deu! txarangaren doinuekin eta Earra! bertso eskolako hainbat kideren koplekin. Tabernaz taberna ibili ziren, euripean. Urak ez zituen herdoildu instrumentuak, eta ez zuen itzali bertsolariek erabili zuten mikrofonoa.

Euskal Jaia sorgintzen

Txarangak eta bertsolariek girotutako taberna potea bukatzerako, afaltzeko ordua zen. Xirimiri elkartera joan ziren gazte asko, Sorgin Jaiek antolatutako otordu herrikoiera. Irudi batek gehiago balio du mila hitzek baino: talde argazki erraldoia atera zuten afaldu eta gero. Hainbat belaunaldi batera. Ez soilik jaten, edaten eta disfrutatzen; herria egiten ere bai. Mahaietan eserita zeuden bitartean, antolatzaileek hainbat orri eta arkatz banatu zituzten jatunen artean, eta euren iritziengatik galdetu: eskatu zieten zerrendatzeko Lasarte-Orian zer hobetu daitekeen. Proposamen zehatzak egiteko aukera ere eman zieten. Menua, hauxe: letxuga, tomate eta ahuakate entsalada eta masailak saltsan edo barazki lasagna. Afarirako osagaiak komertzio txikietan erosi zituzten, kontsumo eta erosketa eredu horren alde eginez. Entsaladarako produktuak Loratu egitasmoko ekoizleei erosi zizkieten, eta Etxezarreta harategian bigarren platerak. Afalostean, Sorgin Jaien errepaso historikoa egin zuten argazki diaporama baten bidez.

Afari herrikoiaz gain, gazte olinpiadak ere antolatu zituzten arratsaldean. Hitz gutxitan, Euskal Jaia sorgindu zuten, herritik eta herriarentzat.

Argazki galeria

Bideoteka