Giro ederra gaztetxoen areto futboleko finaletan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urt. 5a, 13:07
Michelingo frontoia bete da areto futboleko finalak ikusteko. Gazte Kirola, alebin eta infantil kategoriako gaztetxoek jokatu dute. Lagunak, Huracan Champions eta Txintxetak taldeak irabazi dute.

Gabonetako areto futboleko topaketak hasi bezala amaitu dira, giro onean eta lagun artean. Abenduaren 26an hasi ziren lehen partidak jokatzen, eta ostegunean, urtarrilaren 4an jokatu zituzten azkenak, Michelingo frontoian. Harmailak bete zituzten gaztetxoak ikustera joandako guraso eta lagunek, eta beste urte batez, kirola eta aisia uztartuta gustora igaro zuten arratsaldea kirolariek. Gainera, denok izan zuten saritxoa partida amaitzerakoan: domina bat eta askari txiki bat. Arratsaldeko argazki galeria hemen

Futbolari dagokonez, lehiatuak izan ziren partida guztiak. Arratsaldeko lehenengoan Lagunak taldeak jokatu zuen Pantera Txikiak-en aurka. Lagunak-ek poltsikoratu zuen finala, 4-2ko markagailuarekin. Halere, emaitzak erakusten duena baina estuagoa izan zen lehia. Izan ere, Pantera Txikiak taldeak erasora jo zuen partidaren azken unera arte, eta launa berdintzeko aukera ugari izan zituen. Azken unean, baina, behin betiko 4-2koa ezarri zuen Lagunak-ek. 

Alebin kategorian, berriz, Huracan Champions eta Prest Gaude taldeak izan ziren aurrez aurre. Lehen zatian Prest Gaude aurreratu zen, korner bateko jokaldiaren ondoren. Halere, Huracan Campions-ekoek ez zuten etsi, eta berdintzea lortu bakarrik ez, markagailua irauli zuten bigarren zatian. 

Azkenik, infantilen kategorian Txintxetak taldea nagusitu zitzaion CSKA La Ropa taldeari. 3-0 aurreratu ziren Txintxetak, eta bazirudien partida aise irabaziko zutela. Baina bigarren zatian CSKAk martxa bat gehiago jarri zuen, eta launa berdintzea lortu zuen. Ez zuen asko iraun emaitza horrek, segituan sartu baitzuen Txintxetak 5-4koa. Eta segundo gutxiren faltan egin zuten behin behineko 6-4koa.