Gazteri sailak ikastaro puntualak eskainiko ditu

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urt. 5a, 13:07
Kultura eta Gazteria saileko ikastaroak ezagutzera eman dituzte Txus Alonso Gazteria saileko zinegotziak, Kultura zinegotzi Maite Iglesiasek eta Iker Tolosa Manuel Lekuona kultur etxeko kudeatzaileak.

Hiruhileko honetan Lasarte-Oriako heldu, zein gazteek hainbat gaietan sakontzeko aukera izango dute Manuel Lekuona kultur etxean eta Gaztelekuan eskainiko diren ikastaroei esker. 

Manuel Lekuonan helduei zuzendutako lau ikastaro eskainiko dira urtarrila eta martxoa bitartean: Erromanikoa Donejakue bidean, Nutrizioa, Hobeto bizitzeko teknikak eta Marrazketa

Maite Iglesiasek azaldu duenez, Nutrizio ikastaroak oso harrera ona izan zuen aurreko hiruhilekoan eta jarraipena emango zaio. Hobeto bizitzeko teknikak ikastaroari dagokionez, bizitzari modu positiboan aurre egiteko tresnak erakusten direla aipatu du eta Marrazketa ikastaroan marrazteko oinarriak erakusten direla azpimarratu du.

Urte osoko ikastaro bat ere izango da, egur taila. Ikastaro hau otsailaren 5ean hasiko da eta azaroan amaituko da.

Izena emateak urtarrilaren 8tik eta 19ra arte egingo dira Manuel Lekuonan.

Formatoa moldatu

Berrikuntzarik aipagarriena, gazteria sailean dago. Txus Alonsok adierazi duenez: "hiruhileko ikastaroetara ez zuen ia gazterik izena ematen. Horregatik formatuak eraldaketa behar zuela ikusi dugu eta ikastaro puntualak eta doakoak egingo dira".

Hiruhileko honetan, beraz, Inauterietarako makillaje eta karakterizazio ikastaroa eskainiko da. Hori 12 eta 18 urte arteko gazteei zuzendua dago eta bi saio izango ditu bata urtarrilaren 26an eta bestea otsailaren 2an, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara.

Udal ordezkariek jakitera eman dutenez makillajeaz aparte, beste materialekin lan egingo da, latesa edo odol artifiziala, esate baterako.

Parte hartzeko izena eman beharko da. Inskripzioa Gaztelekuan egingo da urtarrilaren 15a eta 25a bitartean.

Honez gain, eskola laguntza zerbitzua ostegunetan 17:30etik 19:30era martxan dagoela gogora ekarri dute.

Ikastaroei buruzko informazio gehiago Manuel Lekuona kultur etxean, Gaztelekuan edo udalaren web gunean dago eskuragarri.