Euskal jantzi eta dantzak, guztien eskura

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 16a, 12:00
Euskal jantzi berria egin edo zaharra biziberritu nahi duzula; plaza dantzetan lehen pausoak eman edo pausoak hobetu nahi dituzula... Ttakun KEk antolatutako Euskal jantzi tradizionalen ikastaroak eta plaza dantza saioek aukera eskaintzen dizute

Euskal Jaiak nahiz Gabonak atea joka ditugu. Euskal jantziak armairutik atera, hautsa kendu eta ongi geratzen den ikusteko momentua iritsi da. Askok jantzia prest izango dute, baina egongo da zatiren bat ongi ez duenik edo jantzia berritu behar duenik ere. Hori dela eta, beste urte batez, Ttakun KEk jantzi tradizionalen ikastaroa eskainiko du.

Ione Artola irakaslearen laguntzaz, gona, atorra, mantala, galtzak, kaikua… jantzi tradizionala osatu ahal da. 
Ttakuneko Kultura saileko arduradunek aipatutakoaren arabera, aurreko urteetako arrakastari erantzunez antolatu dute ikastaroa.
Saioak urrian eta azaroan eskainiko dira, astearte eta ostegunetan, 15:30etik 17:30era, Emakumeen Zentro Zibikoan. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, ikasleek materiala eraman behar dute.

Izena ematea Ttakuneko bulegoan edo 943 371 448  eta 695 785 389 telefonoetara deituz egin daiteke. Ttakuneko bazkideek 22 euroko kuota ordainduko dute, eta bazkide ez direnek, 25 euro. Irailaren 29an amaituko da izena emateko epea.

Giro ederra euskaraz
Noelia Bermejok iaz eman zuen izena lehenengoz eta gona bat berritu zuen. "Etxean nuen gona bat oinarri hartu eta oihal zati bat gehitu nion," azaldu du.

"Giroa oso ona dago. Ni gazteenetarikoa nintzen, ez nekien makina nola funtzionatzen zuen... eta irakasleaz gain, beste kideak ere laguntzeko prest zeuden beti," adierazi du.

Margari Lazkanok berriz, hiruzpalau urtetan parte hartu du ikastaroan. Bi jantzi oso egin ditu, bata alabarentzat eta bestea bilobarentzat; bat zaharberritu du. "Txikia zuen alabak eta oihal batzuk gehituta berritu genuen". Eta bere jantzia osatu du, "txaketa polita nuen eta horrekin bat zetorren oihalarekin gona bat egin nuen".

"Oso gustora egoten gara bertan. Giro aproposa sortzen da euskaraz hitz egiteko. Josten den bitartean, edozein gaietaz hitz egiten dugu," aipatu du.

Plaza dantza
Euskal jantziaz gain, euskal dantzetan trebatzeko aukera ere eskaintzen du Ttakun KEk, plaza dantza saioei esker. 
Ekimen honetako lehen eguna irailaren 26an, 20:00etan izango da eta ikasturteko nondik norakoak zehaztuko dira, hala nola, zein dantza mota landu edo hastapeneko taldea sortuko den. 

Deialdia irekia da, aurreko ikasturtean saioetan ibilitako jendea, zein lehen pausoak eman nahi dituztenak gerturatu daitezke honetara. 
Ttakun KEko Kultura sailak herritarrak animatu nahi ditu ikastaro hauetan parte hartzera.