Erdi Arora atzera begirada, Xacobeo azokarekin

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ira. 14a, 12:30
Lume de Biqueira gaita taldeak Lasarte-Oria esnatuko du larunbatean. Mercero plazan ere izango dira ekintzak

Lasarte-Oriako erdigunea Erdi Arora itzuliko da asteburuan, Xacobeo azokari esker. Santiago de Compostelara doan iparraldeko Done Jakue bidea herritik igarotzen dela gogorarazteko,  postuak, musika, antzerkia eta hainbat ekitaldi berezi izango dira egunotan. Udal ordezkariek eta azokaren antolatzaileek atzo egin zuten aurkezpena.

Ostiraletik igandera, ehun bat artisautza postuk beteko dituzte Mercero, Elizatze eta Okendo plazak, eta Kale Nagusia. Hori dela eta, Tajamar eta Ola kaleko biribilguneen arteko tartea trafikoari itxita egongo da. 

Berrikuntza batzuk egongo dira hirugarren edizio honetan.

Musikak garrantzia handiagoa izango du. Oholtzan emanaldiak eskainiko dituzte egunean zehar. Larunbata gauean, esate baterako, musika estilo askotariko taldeen kontzertuak izango dira.
Larunbata goizean Lume de Biqueira gaita taldeak emango dio hasiera azokari, eta 300 bat pertsonako kalejira izango da. 

Honez gain, Erdi Aroko eskrima tailerra izango da haur eta helduei zuzendua.