Erabakitzeko eskubidea; "tresna bat, ez helburua"

Adrian Garcia 2018ko mar. 16a, 12:00
Lasarte-Oriako Gure Esku Dagok antolatuta, Juanjo Alvarez nazioarteko zuzenbidean katedradunak hitzaldia emango du larunbatean, 10:00etan, kultur etxean. Kataluniari begira, hango hutsegiteak saihesteko beharraz arituko da

Iazko maiatzean antolatu zuen herri galdeketa Gure Esku Dagok, baina erabakitzeko eskubidearen aldeko lanean jarraitzen du mugimenduak. Aurtengorako beste ekitaldi batzuk antolatu dituzte, hala nola, ekaineko giza katea. Baina bitartean lanean jarraitzen du Lasarte-Oriako Gure Esku Dagok. Larunbat honetan, bihar, hitzaldi bat eskainiko dute. Juanjo Alvarez nazioarteko zuzenbidean katedradunak Zergatik eta zertarako erabakitzeko eskubidea? hitzaldia emango du,  Manuel Lekuonako aretoan, 10:00etan.  

Azken boladan indar handia hartu du erabakitzeko eskubidea kontzeptuak. Kataluniari arretaz begiratu zaio azken urteetan Euskal Herritik, hor jokatu baita horren inguruko gerra ideologikoa. Bere hitzaldian oso kontuan izango du hori Alvarezek. "Teknizismoetan sartu gabe, saiatuko naiz azaltzen zein izan daitekeen erabakitzeko eskubidea aurrera eramateko modua", azaldu dio Txintxarri-ri. Juridikoki aterabide zaila du Espainian, lege eta traba burukratiko asko gainditu behar direlako. "Halere, konstituzioaren koma bat bera ere moldatu gabe egin daiteke Kataluniako herritarrek eskatzen duten moduko erreferendum bat". Horretarako, baina, borondate politikoa behar da, eta Madrilek ez du horrelakorik. Kontrara, kartzela zigor gogorrekin erantzun die galdeketa eskariei. 

Orduan, estatu zentralaren jarrera ikusita, nola jardun behar da? "Horri buruzko hausnarketa proposatuko dut. Erabakitzeko eskubidea printzipio filosofikoa da, baztertu ezina. Bestalde, arazoa tekniko oso handia dugu". 

Nolanahi ere, posible da herritarrek haien eskubidea erabiltzea. Horrela erakusten dute nazioarteko hamaika adibidek. "Kosovo, Eskozia... Nazioarteko adibideak aipatuko ditu bigarren zatian". 

Kalitate demokratikoa

Halere, Alvarez zuzenbidean aditua izanik, ongi ezagutzen ditu Espainiako arauak, eta oso praktikoa da alde horretatik. "Espainiako kalitate demokratikoa oso baxua da. San Pedro jaien inguruan kontsulta bat egin nahiko balitz, festa egun kopurua denon artean erabakitzeko hautetsontzi baten bidez, Mariano Rajoy presidentearen baimena beharko genuke". 

EHUko katedradunak gertutik jarraitu du Kataluniako prozesua, baina ez dago ados hango politikariek hartutako norabidearekin. "Erabakitzeko eskubideak tresna bat izan behar du, ez helburua. Ez ditugu aukera guztiak hor erre behar. Hori da, nire ustez, hango politikariek egindako hutsegite estrategikoa". 

Charles Taylor Kanadako soziologoa du eredu Alvarezek. "Hark esaten zuenarekin bat egin beharko luke Gure Esku Dagok. Independentisten ametsak ez direnen amesgaiztoa izateari utzi behar dio". Bide horretan, mugimenduak "eraikuntza nazional inklusiboa" sustatu behar du. "Subjetu politiko bezala  aurrera egin nahi dugun guztion bilgunea izan behar dugu".