Elkarrizketaren indarra, Euskal Herriari begira

Adrian Garcia 2019ko urt. 18a, 11:30
Xuban Intxausti lasarteoriatarraren 'In Dialogue' dokumentala emango dute datorren asteazkenean, Mirentxuenean. Irlandako gatazkako sei eragile mahaiaren bueltan eseri ditu. 'S(u/a)minetik bakera' lanak ireki ditu 'Bizikidetza Lantzen' jardunaldiak

Hasi dituzte Bizikidetza Lantzen jardunaldiak Lasarte-Orian. Joan den asteazkenean S(u/a)minetik bakera ikus-entzunezko proposamena eman zuten, Mirentxuenean. Patxi Lurrak zuzendu du lana, eta bi narratzaileren bitartez, irudiak tartekatuz, Arrasateko bi emakumeren dolua kontatzen du. Antzekotasun asko ditu bi pertsona horien minak eta suminak. Bata Olatz Etxabe da, Batallon Vasco Españolek hil zuen Iñaki Etxaberen alaba. Bestea, Sandra Carrasco, ETAk hildako Isaias Carrascorena. Ana Galarragak eta Lurrak berak jarri diote ahotsa lanari. 

Jende ugari erakarri ditu ekitaldiak. Tartean, udalean ordezkaritza duten alderdien hautetsiak. PSE-EEren partetik, Jesus Zaballos alkatea, Jose Mari Urdanpilleta eta Maite Iglesias zinegotziak; EH Bilduko Pablo Barrio; ADLOPeko David Ares; eta EAJko Jon Antxordoki izan ziren bertan. 

Hurrengo bi asteetan ere emango dituzte emanaldiak. Asteazkenean, 19:30ean, Lasarte-Oriako herritar batek zuzendutako lana: Xuban Intxaustiren In Dialogue. Ipar Irlandako gatazkan ikuspegi guztiz desberdina duten sei eragile bildu ditu mahai berdinaren bueltan. 

AEBetan dago orain zuzendaria, baina telefonoz jarri da harremanetan harekin txintxarri. "Elkarrizketaren ikuspuntua ematea erabaki genuen, garai horretan Euskal Herrian horixe falta zela ikusi baikenuen". Izan ere, nahiz eta dokumentalak Irlandako gatazka aztertu, egileak aitortu du Euskal Herrira begira egina dagoela. "Gure egoeraz hausnartzea, hori egon zen abiapuntuan". 

Mahaiaren bueltan eseri dituztenak badute ezaugarri komun bat: arerioak izateaz gain, denek parte hartu dute ere erakunde militarren batean. Poliziak, IRAko kide ohiak, armadakoak eta talde paramilitarretakoak dira denak. "Biktimak gizartean lekua bazutela ikusi genuen, baina ez horrenbeste gatazkan aktore gisa jardun dutenak". 

"Beste modu batekoa"

Tirabira batzuk izan arren hasieran, elkarrizketetan parte hartutakoek "gozatu" egin zuten, Intxaustiren hitzetan. Horietako batzuk ere lagun min egin dira ordutik. 

Bizikidetza lantzeko hainbat eztabaida eta ariketa egin dira Euskal Herrian, biktimen artean batez ere. Baina euskarri berbera hona ekartzea zaila ikusten du Intxaustik. "Beste modu batekoa da Irlandako gatazka. Ez dakit ETA eta GALeko kideen arteko elkarrizketa bat egin daitekeen hemen". Halere, konponbidea bide onetik doala uste du zuzendariak, "nahiz eta presoen auzia trabatuta egon".