Ekainaren 10erako motorrak berotzen

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko mai. 20a, 14:35
Argi utzi dute lasarteoriatarrek zergatik eta zertarako erabaki nahi duten. Lasarte-Oriako Gure Esku Dagok martxa antolatu zuen atzo arratsaldean, ekainaren 10eko giza katerako motorrak berotze aldera. Primerakoa izan zen herritarren erantzuna

Askeago sentitzeko. Euskararen herria berreraikitzeko. Lasarte-Oria garbiago egoteko. Erraustegiari ezetz esateko. Gure Esku Dagoren atzoko ekitaldiko hainbat esaldi eta gogoeta dira horiek, lasarteoriatarren idatzitakoak. Koloretako papera esku batean, boligrafoa bestean, garbi adierazi zuten zergatik eta zertarako erabaki nahi duten. Okendon izan zen hori. Hara iritsi aurretik, martxa egin zuten herrian zehar, Kotxerasetik abiatuta. Motorrak ederki berotu zituzten, ekainaren 10eko giza katerako. 

Herritarrek ederki erantzun zioten Gure Esku Dagoren deiari, eta baita eragileek ere: sorgin dantzako kideek, plazadantzakoek, Kukuka antzerki eta dantza eskolakoek eta Ostadar Ipar Martxakoek ere egin zuten martxa, eguraldi ezin hobea lagun. Esan bezala, Kotxerasetik abiatu ziren, Kale Nagusi osoa zeharkatu, Tajamarreko biribilgunean bira eman eta Okendo plazarantz abiatu ziren gero, amaierako ekitaldian parte hartzera. Txistulariek musikatu zuten ibilbidea.

Gure Esku Dago abesti ezagunak iragarri zuen hasi zela arratsaldeko ekitaldi nagusia. Martxan parte hartu zuen eragileetako bakoitzak koreografia berezia jarri zion kantari; denek batera dantzatu eta abestu zuten, hiruzpalau minutuz. Ondoren, hirutan banatu zuten plaza: gune batean, ekainaren 10eko giza katerako izena ematen hasi ziren lasarteoriatarrak. Ondoan, zuhaixka, hosto koloretsu eta adierazgarriekin: zergatik eta zertarako erabaki nahi duten pentsatu, koloretako paperetan idatzi, eta zuhaitzeko adarretan eskegi zituzten herritarrek euren gogoetak. Apur bat urrutiago, beste postutxo bat, Gure Esku Dagoren kamiseta laranjekin. Makina bat saldu zituzten. 

Izen-ematea, martxan

Atzoko ekitaldira joan ezin izan zutenak ez daitezela larritu: ekainaren 10era bitartean hainbat aukera daude giza katean izena emateko. Okendo plazan mahaiak jarriko dituzte, asteko zenbait egunetan. Asteazkenetan, esaterako, 12:00etatik 13:30era egongo dira; ostegun eta ostiraletan, 19:00etatik 20:30era; eta, larunbatetan, 12:00etatik 13:30era. Lasarte-Oriak bi kilometro beteko ditu ekainaren 10eko giza katean: Belartzako Biribilgunetik Usurbilgo Ugaldea poligonora arte. Dagoeneko aurreratu dute non eta noiz geratuko diren ekainaren 10ean, gure herriari dagokion gunera joateko: 10:00etan jarri dute hitzordua, Okendo plazan. Helburua da 11:30ak jotzerako denak gunean egotea, hasteko prest. Giza katea 12:00etatik 12:30era egingo da.

Argazki galeria