Biyak Bateko hezetasun arazoak, udalbatzarrean

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urt. 11a, 18:29
Biyak Bat zaharren egoitzako terrazako hezetasun arazoei aurre hartzeko erabakia hartu du Lasarte-Oriako udal gobernu taldeak. Urte luzeetako arazoa da elkartea jasaten ari dena, baina ez du irtenbide errazik. Aurrekontuen diru sorta onartu dute obrak aurten lizitatzeko

Hilabeteko bigarren asteartean bildu ohi dira udal gobernu taldeak udalbatzarrean. Urte berriaren hasierarekin ere horrela egin dute: asteartean egin zen ohiko udalbatzarra. 18:30ean eman zioten hasiera. PSE eta PP alderdiek elkarrekin sinatutako mozioa zen gai ordenean aurreikusitako puntu bakarra, Biyak Bat jubilatuen etxeko hezetasun arazoen ingurukoa, baina eztabaidarako nahikoa eman zuen gaiak.
Alderdi Popularreko zinegotzi Alejandro Saenzek ekarri du gaia mahai gainera. Biyak Bat elkarteko terrazak hezetasun arazoak dituela, eta horiekin amaitzeko behin betiko irtenbide bat bilatu behar dela argudiatu du. PSEk bat egin du PPrekin, eta elkarrekin mozio trantsazional bat ekarri dute udalbatzarrera. 

Bertan, bi alderdiek eskatu dute 2018ko udal aurrekontuetan diru sorta bat, egoitzako arazoa konpontzeko. Bestalde,  konponketen lizitazioa ere urte honetan gauzatzearen alde agertu dira.

Mozioak eztabaida luzea ekarri du, baina  aldeko hamabi botorekin (PP, PSE, EAJ eta ADLOP) aurrera egin du. EH Bilduk abstentzioaren alde egin du. Egoitzako arazoa konpondu behar dela ados dago alderdia, baina momentu honetan hori argitara ateratzea "protagonismo politikoa" dela argudiatu dute. 

Galdera eta erreguak
Behin batzarreko mozioa onartu eta alderdi bakoitzak boto azalpenak emanda, galdera eta erreguak egiteko tartea zabaldu da. Alderdi ia guztiek egin dizkiote galderak Jesus Zaballos alkateari. Aurtengo udal aurrekontuen ziborroaz, herriko kaleetako argiteriaz, futbol zelaiaz, lurpeko zaborrontziez eta elkarteek lokalen inguruan egindako eskaerez galdetu diote udal zinegotziek PSE-EEko alkateari.