Bi familia behar dira Saharako bi haur etxean hartzeko

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 9a, 18:00
Lasarte-Oriako Udalak dei egin die herritarrei, udaran Saharako bi haur etxean hartzeko familiak behar direlako.

Urtero igarotzen dute udara Saharako zenbait gaztetxok Lasarte-Orian. Aurten ere, zortzi haur hartzeko konpromisoa hartu du udalak, baina bi familiaren beharra bi haur hartuko dituzten bi familia behar dira gaur-gaurkoz.

Udako hilabeteetan kanpamenduetan bizi duten egoera gogorretik ateratzeko aukera ematen die programak Saharako haurrei. Horrekin batera, osasun azterketa orokorrak egiteko eta elikadura oso baten bidez, fisikoki errekuperatzeko aukera ere izaten dute.

Interesatuta dauden familiak Lasarte-Oriako gizarte zerbitzuetako, berdintasuneko, kooperazioko edota osasun sailarekin jarri daitezke harremanetan. Telefono bidez ere informazioa eskatu daiteke, 943 37 61 79 telefono zenbakian, eta baita gizartez@lasarte-oria.org helbidera mezu bat idatzita.