Azoka tradizionala, Santa Anaren atarian

Txintxarri Aldizkaria 2017ko uzt. 18a, 13:39
Eskulangintza azokaz gainera, Euskal Herriko soinu tresnen erakusketa ikusi ahal izango da, Mercero gunean.

Santa Ana eguna gerturatzearekin batera, ohiko azoka egingo dute Lasarte-Orian. Tradizio bihurtu da dagoeneko Okendo plazako eskulangintza azoka: 33. aldiz egingo dute igandean. Betiko moduan, bi zati izango ditu azokak: alde batetik, elikagaien postuak egongo dira, inguruko baserrietan ekoitzitakoak; bestetik, artisautza azoka egongo da. Herriko artisauek ere izango dute lekua azokan. Aurten Ramon Roteta sukaldariari egingo zaio omenaldia.

10:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara zabalik egongo da azoka. Artisauen produktuak erosteaz  gainera, horiek nola lan egiten duten ere ikusi ahalko da zuzenean. 49 artisau bilduko dira guztira, 25 postutan banatuta. Askotariko eskulanak izango dituzte salgai: bitxiak, tailla, makramea, larrua, esmaltea…  Bestalde, 24 postuk hainbat motatako janari-produktuak eskainiko dituzte: kontserbak, postreak, hestebeteak, gazta, eztia...

Herriko artisauen lanak ere ikusgai egongo dira, udaletxeko arkupeetan. Biyak Bat jubilatuen elkateko eskulanak, Zurlanketaren egurrez egindako taillak, herritarrek egindako ehoziri-lanak, eta Patxi Altunak egindako maketak. Urtean zehar egindako lanak erakutsiko dizkiete gainerako herritarrei.

Aurten omendua Ramon Roteta sukaldaria izango da. Hondarribian du jatetxea Rotetak, baina are ezagunagoa egin du ETBko telebista saioak. Eguerdian egingo diote omenaldia, haren ibilbidea saritzeko. Unai Zabala artisauak berak egindako aizto bat emango dio omenaldi moduan.

Txikienek ere izango zer egina azokan. Izan ere, eskulanen taillerrak egingo dituzte, artisauen moduan larrua eta beste materialak lantzen ikas dezaten.

Soinu tresnen erakusketa

Azokarekin batera, Euskal Herriko soinu tresnen erakusketa antolatu dute, Sendoki elkartearen eskutik.  Gaur, asteartean, inauguratuko dute, Mercero gunean. Eskuz egindako soinu tresnak eta haien inguruko berezitasunak ikasi ahal izango dira. Bisita gidatua egongo da gaur 19:00etan. Igandera arte honako ordutegia izango du erakusketak:  10:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara. 12:30ean eta 18:30ean bisita gidatuak izango dira.