Autobus gidariek bertan behera utzi dute greba

Txintxarri Aldizkaria 2018ko uzt. 12a, 20:08
Azken unean hartu dute erabakia, eta, ondorioz, bihar, larunbatean, hilaren 20ean eta 21an egitekoak ziren grebak ez dituzte egingo. Sindikatuek Avitrans patronalarekin hitzarmena lortu dute. Aldundiak eskualdeko autobus zerbitzuaren proiektua onartu du

Autobus zerbitzuetako langileak  greba egitekoak ziren bihar eta etzi, baita hilaren 20ean eta 21ean. Haatik, gaur arratsaldean sindikatuek jakinarazi dutenez, akordioa lortu dute Avitrans patronalarekin, eta bertan behera utzi dituzte lanuzteak. Gipuzkoako 30 autobus enpresa inguru ziren greba egitekoak, tartean TSSTkoak. Ohiko zerbitzua emango dute egunotan.

TSSTko gidariek fronte ugari dituzte kudeatzeko. Bat lurraldeko hitzarmena. Gaur lortutako akordioarekin baretu dute alor hori. LAB, UGT eta CCOO sindikatuek izenpetu dute hitzarmena, baina ELA akordiotik kanpo geratu da. Dietak ordaintzea arautzen zuen testuak sortu zituen desadostasunak. Akordioari buruzko xehetasunak ez dituzte eman orain arte. Halere, sindikatuek ohartarazi dute aurreakordioan sinatutakoa errespetatzen duela hitzarmenak.

Horrez gainera, itun propioa dute TSSTko gidariek enpresarekin, eta hori negoziatzen ari dira.

Azkenik, Buruntzaldea eta Tolosaldeko autobus zerbitzuak berrantolatzeko proiektu berria onartu du Gipuzkoako Aldundiak. Datozen egunetan argitaratuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta orduan jakin ahalko dira nondik norakoak.