"90 minutu ditugu denboraldia salbatzeko"

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mai. 22a, 20:58
Ostadar SKT Erregional Preferenteak hil ala biziko partida jokatuko du larunbatean, Aretxabaletan. Joaneko partidan 0-2 galdu zuten, eta mailari eusteko kanporaketa irauli beharko dute. Baja garrantzitsuak berreskuratuko dituzte

Axi Aizpurua Ostadarreko entrenatzaileak ongi laburbildu du Aretxabaletako partida erabakigarriaren garrantzia: "90 minutu ditugu denboraldi osoa salbatzeko". Izan ere, gorabeheratsua izan da oso Erregional Preferente mailako taldearen ibilia. Azken partidan saihestu zuten zuzenean kategoria galtzea, baina promozioko lehen partida makal hasi dute, 0-2 galduta Aretxabaletaren aurka. Debagoienan irauli beharko dute kanporaketa, larunbatean, 17:00etan.

Edonola ere, itxaropentsu agertu da Aizpurua. Futbolean balentria handiagoak ikusi dira, eta Aretxabaletak ez du erakutsi Ostadar baino gehiago denik. "Infantilen akats baten ondorioz jaso genuen lehen gola. Gero dena eman genuen, izan genituen aukerak, baina ez zen sartu". Balekoa behar zuen gol bat baliogabetu zuen epaileak, baina entrenatzaileak ez du polemiketan sartu nahi.

Hiru jokalari garrantzitsu berreskuratuko ditu Aizpuruak larunbaterako. Talde osoaren indarrarekin saiatuko dira kategoriari eusten. Aurka kantxa faktorea izango dute. 
Kanporaketan sartzeko nahikoa dute urdin-beltzek gol goiztiar bat. "Bizirik gauden bitartean saiatuko gara. Zorte pittin bat behar dugu", azaldu du Aizpuruak. 
Taldeak bigarren zatian izaten duen gainbehera ere geldiarazi beharko du. "Azken 15-20 minutuetan sufritu egiten dugu, gutxira joaten baikara".