Beste 50 urtean gogoratzeko emanaldia

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko eka. 17a, 16:03
Luzaroan gogoratzeko moduko emanaldia eskaini du Erketz EDT dantza taldeak, Okendo plazan. San Pedro jaietarako motorrak berotu dituzte dantzariek. Alboka abesbatzak eta SuBerri zein Zero-Sette akordeoi orkestrek ere parte hartu dute

San Pedro jaiak iristeko irrikitan daude lasarteoriatarrak. Gero eta gutxiago falta da. Festa lehertu bitartean, motorrak berotzeko hainbat ekitaldiz ari dira gozatzen. Atzo arratsaldekoa izan zen ikusgarrienetako bat, zalantzarik gabe. Urteroko ohiturari jarraituz, emanaldi ikusgarria eskaini zuen Erketz EDT dantza taldeak. Beste bat. Berezia izan da aurtengoa: 50 urte betetzen dituzte, eta, herriko beste hainbat talderekin elkarlanean, euren errepertorioko onena plazaratu zuten. Alboka abesbatza eta SuBerri zein Zero-Sette akordeoi orkestrak izan zituzten bidelagun. Ordu eta erdi inguru iraun zuen emanaldiak; ziztu bizian pasa zitzaien denbora ikus-entzuleei, eta nekatu arte egin zuten txalo, artista guztien lana eskertuz.

Eskertzarekin bukatu zen emanaldia, eta baita hasi ere: 50 urteotan lan izugarria egin dute Arantxa Arteagak, Itziar Iartzak, Juani Telleriak, Ramoni Irulegik eta Maria Luisa Muguruzak. Atzo arratsaldean Erketzen esker ona jaso zuten, eta baita oroigarri bana ere. Aitortza ekitaldi xumea bukatu ostean hasi ziren dantza eta musika emanaldiak: Agurra, Ezpata-dantza, Neskatxena, Lesaka, San Fermin Eskola, Axuri beltza, El Caserio, Mahaigainekoa, Lekorneko Kabalkada eta arratsaldeko emanaldi ikusgarriena: Eusko Irudiak. Zero-Sette eta Albokarekin batera aritu ziren Erketz EDTko hainbat dantzari. Lurdes Carrascok aurkeztu zuen ekitaldia. Bukatu aurretik, Zero-Settek, SuBerrik eta Albokak oroigarri bana jaso zuten, ikuskizunean parte hartzeagatik.

Zur eta lur geratu ziren herritarrak emanaldiaren kalitatearekin. Gutxienez beste 50 urtean gogoratzeko modukoa izan zen atzokoa.

Argazki galeria