Atseden pixka bat hartu, eta...opariak banatzera!

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urt. 5a, 21:11
Bidaia luze baten ostean, Errege Magoak iritsi dira Lasarte-Oriara. Kabalgata bukatu berritan, atseden pixka bat hartzen ari dira orain Meltxor, Gaspar eta Baltasar, gauean zehar herritarren etxeetara joan eta opari mordoa utzi aurretik

Eguraldia aurreko urteetakoa baino okerragoa izan bada ere, Errege Magoek ez dute hutsik egin, eta gure herrian daude honezkero. Deskantsatzen ari dira orain, arnasa pixka bat hartzen, gauari ekin aurretik: lasarteoriatarren etxeak bisitatuko dituzte, banan bana, eta hainbat opari utzi. 

Herriko kaleetan zehar egin duten kabalgata izan da euren agenda estuko azkenaurreko ekintza. Oria auzotik abiatu dira, 18:00etan. Kale Nagusitik etorri dira, zaldien gainean, kalera atera diren herritarrak agurtu bitartean; hainbat gozoki ere banatu dituzte. Biyak Bat adinekoen egoitzan egin dute aurreneko geldialdia. Erregeak iristerako han zeuden udal musika eskolako ikasleak, arratsalde euritsua musikarekin girotzen. Egoitza barrura sartu, eta minutu batzuez bertako kideekin egon dira, gustura solasean. Ondoren, brigitarren komenturantz abiatu dira. Ilusio handiz egin diete harrera bertako mojek Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeei, eta baita laguntzaile zintzoei ere. Okendo plazara iritsi arte kabalgata ez da berriro geratu: atera dira Kale Nagusira berriro, joan dira Tajamarreko biribilgunera arte, jaitsi dira Pintore Kaletik, Geltoki Kalera joan gero, eta Okendora azkenean, Antonio Mercero gunetik sartuta. Ez dute bakarrik egin ibilbide hori guztia: beraiekin joan dira Jalgune Elkarteko kideak eta baita Ostargikoak ere. Udaletxera sartu aurretik, suziri koloretsuak ikusi dituzte, aho-zabalik, eta Jesus haurtxoari eta familiari intsentsua, mirra eta urrea ekarri.

"Zaindu maite duzuen hori"

Aterkiak eskuetan, herritar andana zeukaten zain erregeek Okendo plazan. Txaloka hartu dituzte ikus-entzuleek, udaletxeko balkoira atera direnean. Mikrofonoa hartu, eta hitz batzuk esan ditu bakoitzak. "Oparirik onenak zuen ondoan dauzkazue: lagunak eta familia. Zaindu maite duzuen hori", esan du Meltxorrek. Irakasgai baliotsua, inondik ere. Gasparrek eta Baltasarrek ere antzekoak bota dituzte jendaurrean, eta pare bat gutun irakurri ere bai.

Goiz-goizetik, ia geratu gabe

Goizean iritsi dira erregeak herrira. Atsobakar egoitzara joan dira aurrena, bertako egoiliarrak eta langileak bisitatzera. Beso-zabalik hartu dituzte Meltxor, Gaspar, Baltasar eta laguntzaileak. Opariak banatu dituzte, jakina, baina, batez ere, irribarreak eta ilusioa.

Ondoren, laguntzaileak Okendo plaza inguruan ibili dira, gaztetxoen eskutitzak jasotzen. Ez da izan hori gutunak biltzeko une bakarra, arratsaldeko bostak arte Brigitarren komentuan egon baitira hiru erregeak, herriko neska-mutilei harrera egiten eta eskutitzak hartzen.

Orain, esan bezala, atseden pixka bat hartu, kabalgatan zehar bustitako jantziak lehortu, eta opariak banatzeari ekingo diote erregeek, urtero legez. 

Argazki galeria