Mugikortasun astea, oinezkoei bide emanez

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 15a, 15:00
Lasarte-Oriako Udalak Mugikortasunaren Europako Astearekin bat egingo du. “Partekatzeak urrutiago eramango zaitu” du leloa aurtengo asteak eta irailaren 18 eta 22ra artean ospatuko da. Azken egunean, irailaren 22an, autorik gabeko eguna izango da. Egun horretan ekintza ugari antolatu ditu Udalak, bada berrikuntzarik.

Ingurumeneko zinegotzi Agustin Valdiviak eta Eli Gondat Artelatzeko teknikariak Lasarte-Orian irailaren 18tik 22ra antolatu den Mugikortasun astearen nondik norakoak aurkeztu dituzte gaur goizean.

Lasarte-Orian irailaren 22a, autorik gabeko eguna, izango da Mugikortasun asteko egun nagusia. Gondatek azaldu modura, aste honetako ekintzek garraiobide garbiei eta batez ere, oinezkoei garrantzia ematea dute helburu. Horregatik, ostiralean Kale Nagusia Tajamarreko biribilgunetik Ola Kaleko biribilgunera itxiko dela jakinarazi du.  

Aurtengo berrikuntza nagusia adin ezberdinei zuzendutako ekintzak aurrera eramango direla da. Arratsaldean haurrei zuzenduta dauden joko eta bizikleta martxez gain, egitarauan ostirala goizetan egin ohi den Ondo Ibili ekimena txertatu da. Adineko pertsonei zuzendutako ibilbidea goizeko 11:00etan abiatuko da Okendo plazatik.

Ostadar SKTko ipar martxa taldeak ere bere harritxoa jarriko du ostirala arratsaldean. Okendo plazan izango dira eta kirol honen berri edo oinarrizko ezagutzak eskainiko dizkiete herritarrei.

Okendo plazako arkupeetan ere izango da zer ikusi, mugikortasunarekin lotutako argazki galeria izango baita. Lasarte-Oriako irudiak izango dira protagonista, hauetan jardunbide positiboak, zein negatiboak erakutsiko dira, hala nola, bidegorritik oinezkoak ibiltzea.

Hau guztiaz gain, irailaren 22an, Muittu Manttangorri doakoa izango da eta bigarren eskuko bizikleta merkatua ere izango da.

Merkatua ostiralean arratsaldeko 16:30etik 19:30era Okendo plazan izango da. Gondat Artelatzeko kideak aipatu legez, “herritarrei etxean erabiltzen ez dituzten txirringak, patinak edo mugikortasun jasangarriarekin zer ikusia duten objektuak eramatera gonbidatzen ditugu. Gordailu sistema bidezko sal-erosketa da eta objektuak aurretik eraman behar dira, 15:00etatik aurrera”.

Ostiralaz aparte, Lasarte-Oriako bigarren hezkuntzako ikasleek bizikleta eta bidegorriaren erabilerari buruzko ikastaroak jasoko dituzte astean zehar.

Astearen helburuak

Aurten Europako leloa ”Partekatzeak urrutiago eramango gaitu” da. Horregatik, Valdiviak aipatu legez,  helburuak honakoak dira: herritarrei autoaren erabileraren ordezko aukerak probatzeko gonbita egin; mugikortasun partekatuaren aldeko ekimenak ezagutzera eman eta sustatu garraio modu garbien abantailak azpimarratuz; herriko eremu bate do gehiago oinezkoei, txirrindulariei eta garraio publikoari lehentasuna emanez, eta kalean jarduera hezitzaile eta parte hartzailea antolatzea ekimenak herrian agerikotasuna izan eta egunerokotasunean jarraipena izan dezan.

Lasarte-Oriako Udalak herritarrak mugikortasun jasangarriarekin bat egin dezaten gonbidatzen ditu, ekintzetan parte hartuz edo astearen helburuekin bat eginez.